“Profetak, jaiki ostean, ohea egiten zuen; gaur egun gizon batzuek ez”

Anboto 2015ko uzt. 10a, 09:00

Awa Sagna (Dakar, Senegal, 1981) 2006an etorri zen Elorriora, eta garbiketan egiten du lan. 12 urtegaz hasi zen ramadana probatzen, eta 16 urtegaz hasi zen bete-betean. Emakume musulmanek ramadanagaz eta islamagaz duten lotura kontatu dio musu bi emanda agurtu duen kazetariari.

Zelan daramazu ramadana?
Ondo. Osasunerako oso ona da, eta argaldu ere egiten zara. Udan eta arratsaldez zail egiten da, eta sinismena behar duzu ramadana egiteko. Sinistu barik ezingo zenuke egin. Batzuek ramadanetik kanpo ere egiten dute barau, astelehenetan eta eguaztenetan, profetak horrela egin zuelako.

Zer baldintza duzue ramadanean?
Barauaz aparte, ezin dugu sexu hartu-emanik eduki. Biluzik ezin gara ibili, eta hobe da igerilekura ez joatea, gizonak biluzik badaude, ezin ditugulako ikusi. Gainera, ez dugu beste pertsonei buruz txarto berba egin behar.

Emakumeek badituzue salbuespenak barau egiteko.
Hilekoagaz edo haurdun bazaude, ez duzu egingo. Baina geroago egin beharko duzu, urtean barrena. Umeari titia ematen bazaude eta ezin baduzu urtean egin, dirua atera beharko duzu behartsuen alde.

Zuk non errezatzen duzu?
Etxean. Berandu errezatzen dut, eta umeak dagoeneko ohean egoten dira. Gurago dut etxean egin, haiek bakarrik utzi beharrean. Horregatik, orokorrean, esaten da emakumeok etxean errezatzea hobeto dela.

Emakume musulmanok gizonen menpe bizi zaretela dio batek baino gehiagok.
Ez dizut esango guztiz gezurra denik, baina herrialdearen araberakoa da. Marokoko herrietan asko igartzen da, adibidez. Nik neuk etxean ez dut arazo hori, guztia partekatzen dugu. Gizonak esaten duena ez da arau, berba egiten dugu. Senegalen badaude eurek esaten dutena egin behar dela uste duten gizonak, baina ez dago ondo. Berba eginez gero, soluzioa hobea izango da. Profetak, goizean jaiki ostean, ohea egiten zuen; gaur egun, ostera, gizon batzuek ez dute egiten, gizonak direla arrazoituta. Batzuk ez dira andreagaz jolasten, eta aurpegira begiratu ere ez diote egiten. Erlijioa ez da horren zaila.

Erlijioak baditu baldintzak...
Erlijioak dio osorik tapatu behar dudala, eta, nire gizona, aita, osaba eta neba izan ezik, ezin dudala gizonik agurtu. Baina nik, pertsonalki, uste dut ez nabilela bekaturik egiten jendea agurtzean.

Zer ematen dizu erlijioak?
Gauza asko. Bakea ematen dit, eta uste dut, lan eginez gero, zerbait ona ekarriko didala bihar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!