“Ramadana gauza txarretatik urruntzen eta onetara hurreratzen irakasten dizun eskola da”

Anboto 2015ko uzt. 10a, 09:00
Durangoko meskitan izandako berbaldian parte hartu duten musulmanak.

Durangoko meskitako kideek ramadanaren berri eman dute, eta, azkenaldian, indarkeriagaz lotzen den islamari buruz berba egin dute.

Atzerritarren etorreragaz batera, islama gizartean lekua egiten dabil, Durangoko eta Traña-Matienako meskitetan, adibidez. Durangoko Elkarte Kultural Islamikoak Alluitz kalean duen meskitako ateak zabaldu dizkio ANBOTOri, euren erlijioaren berri emateko. Zapatak erantzi, eta alfonbra gainean jesarrita hasi da berbaldia. “Islamaren benetako errealitatea zein den erakutsi nahi dugu”, esan du elkarteko presidentea den Mohamed Amine Nafiaik. Azken urteetan, islama, batez ere, indarkeriagaz lotuta agertu da komunikabideetan, eta hizlariek ez dute kezka ezkutatzen. Ramadanaren azalpenetik hasita, islamean murgiltzeko balio izan du berbaldiak.

Ekainaren 18an hasi zen ramadana. Islamaren nahitaezko bost zutabeetako bat da baraualdia, Redouane El Bou Hali imanaren arabera. “Gure sortzailearengana [Ala] hurreratzen gara adorazio honegaz, eta garbiago sentitzen gara”. Hilabetez, eguzkia irteten denetik sartu arte, barau egiten dute. Tarte horretan, ez dute jaten, ez dute edaten –urik ere ez–, eta ez dute sexu hartu-emanik edukitzen.  Hali: “Txikitatik entrenatzen gara. Izan ere, gurasoei ikusten diegu, eta apurka-apurka probatzen hasten gara. Horregatik, heldua zarenean, ez duzu gauza zailtzat ikusten. Ez da erronka bat.” Hizketaldira batu den senegaldar bat galdategian dabil: “Labea 1.500 gradura egoten da, baina Alari esker aurre egiten diot. Energia bidaltzen dit”. Lanaren arabera, batzuek salbuespenak egiten dituzte. Bestalde, umeek eta nagusiek ez dute egin beharrik.

Durangoko meskitaMeskitan errezatzen
Nafiairen ustez, ramadana pertsona aberasten duen zerbait da: “Gauza txarretatik urruntzen eta onetara hurreratzen irakasten dizun eskola da. Amaitzean, hutsune handi bat sentitzen duzu”. Urtean bost errezo egiten dituzte, eta ramadanean beste bat gehitzen dute egunaren amaieran. Durangoko meskitan 60 bat lagun batu ohi dira, baina barikuetan bete egiten dela esan du elkarteko presidenteak.

Otordu bereziak
Baraualdia hastean eta amaitzean, otordu garrantzitsu bi egiten dituzte, Mahoma profetak egin zuen bezala. Gauekoa berezia izaten da, familia osoa batzen delako etxean. Produktuak ere bereziak izan ohi dira, dieta indartzeko; datilak –kazetariari eman diote bat– eta esnea hartzen dituzte, esate baterako. Dena dela, jatekoa kulturaren arabera desberdina dela dio Nafiaik.

Eskuzabaltasuna, arau
Ramadanak irauten duen 30 egunetan, eskuzabalak izateko araua daukate, Nafiaik kontatu duenez: “Profeta oso eskuzabala zen, eta bereziki hilabete honetan. Horregatik, behartsua ulertu, eta berari laguntzeko sasoia da”. Bere arabera, ramadanean egiten duten akats bakoitza diruz ordaindu behar izaten dute, eta, hilea amaitzean, dirua behartsu bati ematen diote.

Islama vs indarkeria
Islamismo erradikalak eta, batez ere, Estatu Islamikoak eraginda, islama indarkeriagaz lotu da azkenaldian. Halik ez ditu babestu: “Batzuek islamaren testuak txarto interpretatu dituzte, eta txarto dabiltza. Eta jendeak orokortu egiten du. Baina mundu osoan topatuko dituzu gauza onak egiten dituzten musulmanak”. Gaia zabaldu du Nafiaik: “Islama indarkeria bultzatzen duen erlijio gisa ikusten dute, baina guztiz kontrakoa da. Koranak dio profetak errukia zabaldu zuela unibertso osoan. Beraz, errukia oinarri duen erlijio bat ezin da pertsonak erailtzeko eta tratu txarrak emateko erabili; emakumeei ere ez”. Haliren esanetan, emakumeek ere badituzte eskubideak, eta ezin zaie minik egin: “Inork ez du botererik beste bati min egiteko”.

Berbaldia amaitu ostean, ramadanagaz jarraitu dute, eguzkia sartu bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!