Durangaldeko 19.000 lagunek daukate igerilekuetarako bonua

Anboto 2015ko uzt. 9a, 17:00
Durangoko Tabirako igerilekua, martitzenean.

Igerilekuen sasoia ekainean hasi zen, eta, ordutik hona, asko eta asko dira bainua hartzeko zein lasaitzeko bertara joaten direnak. Askoz gehiago azken aste bietan, beroaldiaren eraginez. Durangaldeko igerilekuak kontuan hartuz gero, guztira, 19.000 lagunek egin dute bonua.


Jendetzaren adibide, Durangoko igerilekua guztiz bete zen ekainaren 29an, eta jendeak ilara egin behar izan zuen barrura sartzeko. 1.668 lagunentzako edukiera du, eta 7.540 abonatu daude. Elorrion, ostera, uztailaren 4a izan zen egun arrakastatsuena, eta 900 lagun bertaratu ziren. Oraindik ez dira heldu 1.150 pertsonako mugara, eta  2.150 lagunek daukate bonua.

Atxondoko instalazioetan, 290 petsona batu ziren, uztailaren 1ean, eta, orokorrean, udako asistentzia ona izaten dabilela azaldu dute arduradunek. 200 herritarrek atera dute bonua.
Otxandion, 568 bonu egin dituzte, eta sasoia hasi zenetik beste 400 bat sarrera saldu dituzte guztira.

Estalitako igerilekuak
Estalitako igerilekuetan ere igarri dute gorakada. Abadiñon, 2.200 pertsona dira abonatuak, eta egunik arrakastatsuenak ekainaren 30a eta uztailaren 1a izan ziren. Zornotzan, 5.333 erabiltzaile daude, eta, uztailaren 1ean, 667 lagun elkartu ziren. Berrizen, 1.190 abonatu daude, eta, martitzenean, 186 lagun egon ziren igerilekuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!