“Gure helburua ez da ikusleak akrobaziekin harritzea bakarrik”

Anboto 2015ko uzt. 10a, 09:46

Uda Kalean Bizi programazioaren barruan, Durangoko musika eskolako lorategian eskainiko dute, bihar, zirku garaikideko ‘Spazi...o’ ikuskizuna, Endika Salazar (Bilbo, 1.981) eta Barbara Govan (Erroma, 1.981) artistek. Bizi diren herrian, Abadiñon, eskaini dute elkarrizketa.

Zelakoa izan da ‘Spazi...o’ ikuskizuna sortzeko burutu duzuen lan prozesua?
Endika Salazar: Bi prozesu izan dira. Batetik, ideia sortu, eta probak egiten hasi ginen unea dago. Eta, bestetik, auto istripu baten ondorioz, zazpi hilabeteko geldialdiaren ostean, Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso ondoren garatutako prozesua. Euskal Herrian, Frantzian, Katalunian eta Alemanian sortu dugu lana. Aukera eduki dugu, zuzendari bategaz barik, hainbat profesionalen begiradekin aberasteko gure ikuskizuna.
Barbara Govan: Kanpoko begirada horiek batu ostean, bion artean sortu dugu ikuskizunaren arkitektura.

Zaila izan da hainbeste ikuspuntu uztartzea?
B.G.: Bai, buruhaustetik ere izan du apur bat prozesuak... [barrez] Zailena izan da eduki dugun material guztitik zein hartuko eta zein alboratuko genuen erabakitzea.
E.S.: Bai, ikuskizunak gure harremanari eta bizipenei buruz dihardu; oso lan naturalista eta oso benetakoa da Spazi...o.

Zenbat denbora eman duzue lan hau prestatzen?
B.G.: Elkarrekin lan egiten duela bi urte hasi ginen, kultura arloan krisia nabaritzen hasi ginenean: ez geneukan lan asko, eta elkarregaz ikuskizun soil bat sortzea pentsatu genuen. Baina ideia handitzen-handitzen joan zen, eta Spazi...o atera da.

Zein da ikuskizunaren oinarrian dagoen ideia?
B.G.: Bilboko Azkuna zentroaren kanpoaldeko instalazio batek eman zigun ikuskizunerako behin betiko ideia: horma batek banatzen dituen aulki bik osatzen dute instalazioa. Geure burua obra horretan islatua ikusi genuen: aldi berean oso antzekoak eta oso desberdinak diren bi elementu elkarregaz, baina horma batek banatuta... Esan genuen: “Geu gara horiek”. Elkarrekin gaude, baina bakoitzak bere espazioa bilatzen du.
E.S.: Geuk horrela bizi dugu geure bikote harremana, eta uste dugunez ez garela bereziak, eta jende askori gauza bera gertatzen zaiola, gaia zintzotasunez landu gura izan genuen. Geure bizipen eta emozioetatik sortu dugu ikuskizuna.

Zentzu guztietan izan da, beraz, sorkuntza lan aberasgarria...
E.S.: Ikaragarri aberasgarria izan da, eta oraindik ere horrela da. Askok esaten digute zaila izan behar dela bikote eta lankide izatea, eta, jakina, denean bezala, badaude une gaitzak ere. Baina hain da bizia, alde onak ikaragarri betegarriak dira.

Aukera nahikoa izan duzue ikuskizuna erakusteko?
E.S.: Hainbat jaialditan eskaini dugu, dagoeneko, bai. Baina egia da, ikusleek oso gustuko duten arren, programatzaile batzuei kosta egiten zaiela honelako lan bat programatzea. “Garaikideegia” dela esaten dute batzuek. Artistak garen aldetik, arriskuak hartzen ditugula sentitzen dugu, eta ikusten dugu programatzaile batzuek segurura jotzen dutela beti. Edozelan ere, San Agustin kulturgunearen kasua ez da hori: oso programazio interesgarria osatu dute uztailerako, eta bertako arduradunak beti daude laguntzeko prest.
B.G.: Egiten duguna zirku garaikidea da, eta ez dugu jendea entretenitzea bakarrik bilatzen. Tatxan! egitea baino gehiago bilatzen dugu.
E.S.: Ikuskizun honen helburua ez da ikusleak gure akrobaziekin harritzea bakarrik, baizik eta zerbait kontatzea eta jendeari zer edo zer sentiaraztea.

Leku askotan ibili ostean, Abadiñon bizi zarete orain, ezta?
E.S.: Bai, urte asko hemendik kanpo eman eta gero bueltatu nintzen etxera, Euskal Herrira, Barbara lagun nuela. Duela hiru urtetik bizi gara hemen. 5 urteko seme bat dugu, eta Zelaietan oso gustura bizi gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!