Durangaldeko fabriken irudiak Bilbao Arten ipini ditu ikusgai Iñigo Garatuk

Anboto 2015ko uzt. 8a, 17:30

Work spaces izenburuko argazki eta eskultura bilduma ipini du Iñigo Garatu (Iurreta, 1990) artistak Bilbao Arte aretoan. Bilboko (Bizkaia) Urazurrutia kaleko 32. zenbakiko areto horretan, 17:30etik 20:30era egongo da Garaturen lana ikusgai. Uztailaren 3an zabaldu zuten erakusketa, eta 24ra arte egongo da bisitarientzat zabalik.


Argazkiek eta eskulturek osatzen dute Work spaces; gure inguru hurbileko industria astuneko fabrikak dira Iurretako artista gazteak artelanetan islatu dituen elementuak, eta “bizi dugun testuinguru laborala” da bildumaren ardatza. Egun funtzionamenduan dauden fabrikak, eta baita bertan behera utzita dauden eraikinak ere, agertzen dira argazkietan. Egilearen berbetan, “natura oparoak inguraturiko Durangaldeko fabrikak” dira argazki askotan protagonistak. Durangaldekoekin batera, Arratiako eta Ezkerraldeko fabrikak ere agertzen dira argazkietan.

Garatuk azaldu duenez, errealitate industrial eta sozial horri argazkiak egin dizkio, “gure memoriaren parte izan daitezen, dokumentu gisa eduki ditzagun; izan ere, fabrika horietako asko itxi edo eraitsi egin dituzte, eta beste batzuk eraldatu egin dituzte”.

Argazkigintzan ez ezik, eskulturgintzan ere badabil Iñigo Garatu iurretarra, eta esparru horretako bere lanaren lagin bat ere erakusgai du Work spaces bilduman. Zuragaz eta marmolagaz egindako hainbat pieza daude Bilbao Arten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!