Ricardo Triviñok irabazi du Bizkaia Balkoia rallya

Anboto 2015ko eka. 29a, 09:37

Xabier Lujuak eta Ricardo Triviñok borroka estua mantendu zuten seigarren tartera arte. Orduan, Lujuak rallya utzi behar izan zuen matxura baten ondorioz eta Triviñori eskura geratu zitzaion garaipena.

Urtero legez ikusmin handia eragin zuen zapatuan Bizkaia Balkoia rallyak. Zale asko batu zen bide bazterretan ibilgailuen abiaduragaz bertatik bertatik gozatzeko. Rallya Ricardo Triviñok irabazi zuen. Urte askoan munduko txapelketan aritua den mexikarra gailendu zen Peugeot 206 WRC-aren bolantean eta Jorge del Cid kopilotu lanetan zuela. Ez zen garaipen erosoa izan. Xabier Lujua-Jesus Estrada bikoak maila bikaina erakutsi zuen. Pilotu biek lehia estua mantendu zuten lehen sei tarteetan. Lujua azkarrena izan zen aurreneko lauretan; bosgarrenean Triviño kokatu zen lider, baina Lujuak lehen postua berreskuratu zuen seigarrenean. Une horretan segundo bakarraren aldea zegoen bien artean. Zoritxarrez, Lujuak matxura bat izan zuen ibilgailuan eta rallya utzi beharrean izan zen. Horrek, garaipenaren atea alderik alde ireki zion Triviñori.

Aitor Saizar-Gorka Aguinaga bikoa (Clio Sport) sailkatu zen bigarren tokian minutu bateko atzerapenagaz. batutako puntuekin rally txapelketako lider jarri da. Mario Perez-Mikel Cano bikoak osatu zuen podiuma, hauek ere Clio Sport baten barruan.

Durangalde Racing eskuderiako antolatzaileek Bizkaia Balkoia rallyko aurtengo aldiaren balorazio positiboa egin dute. Oro har, goizean baino zale "askoz gehiago" batu zen arratsaldean Aketza Santakolomaren berbetan. Barikuan ere jende asko hurreratu zen Landako Gunera ibilgailuak ikustera eta Triviñoren WCRak "ikusmin handia" eragin zuen: "Urte dezente ziren Bizkaia Balkoia rallyan World Rally Car bat ez zegoela eta jende asko hurreratu zen ibilgailua bertatik bertara ikusteko".


 SAILKAPENA:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!