Munduko Txapelketan ibilia den Triviño, Bizkaiko Balkoia rallyan, zapatuan

Anboto 2015ko eka. 26a, 10:42

Bihar, Bizkaiko Balkoia rallyaren zazpigarren aldia lehiatuko dute, Durangalde Racing eskuderiak antolatuta. Aurtengo aldiak rallya oso erakargarri egingo duten osagaiak ditu: pilotu entzutetsuak, potentzia handiko autoak, parte-hartze handia, ibilbide berriak…


Guztira, 70 pilotuk parte hartuko dute rallyan, iaz baino hamabost bat gehiagok. Aurtengo aldiak luxuzko gonbidatu bat izango du: Ricardo Triviño. 42 urteko mexikarrak Munduko Txapelketako lasterketa askotan parte hartu zuen 2002tik 2013ra, eta hiru denboralditan erabili zuen Peugeot 206 WRC autoagaz ibiliko da bihar. Rallya irabazteko faborito nagusien artean dago. Lea-Artibaiko rallya irabazi duen Xabier Lujuak ere garaipena izango du buruan. Sergio Vallejok Espainiako Txapelketa irabazi zuenean gidatu zuen Porsche beragaz ibiliko da Lujua. Ander Learretak, eta iazko Euskadiko Txapelketako irabazle Ander Arana gernikarrak eta Iban Tarsicio abadiñarrak osatzen dute faborito euskaldunen zerrenda. Horiekin batera, Espainiako Txapelketan aritua den Surhayen Pernia kantabriarra ere kontuan hartzeko arerioa izango da.

Tarte berria
Egun osoan lau tarteri bina pasada emango dizkiote pilotuek. Horietako bat, Trabakuan hasiko dena, nobedadea izango da aurten. Gerea auzotik Bolibarrera joango dira pilotuak: tarte arina, bihurgunetsua eta teknikoa da, zaleei gustatzen zaien horietakoa, antolatzaileen esanetan.

 

TARTEAK-ORDUTEGIA

Goiuria-Oiz (10,9 km)
Irteerak: 09:31 / 11:25

Maguma (9,5 km)
Irteerak: 09:59 / 11:53

Gerea-Bolibar (7,4 km)
Irteerak: 16:06 / 18:37

Bizkaiko Balkoia-Berroia (12,5 km)
Irteerak: 16:39 / 19:10

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!