Gerediaga elkartearen historia eta istorioak biltzen dituen liburua

Anboto 2015ko eka. 11a, 10:55

Durangoko Kurutzesantu Museoan aurkeztu zuten atzo, Gerediaga Elkartearen mende erdiko historiari buruzko Hamabi harrien ahotsa liburua. Hainbat elkartekidegaz izandako solasaldietatik, eta Jon Irazabalek eskura ipinitako dokumentaziotik abiatuta idatzi du Raquel Calvo kazetariak.

Nerea Mujika Gerediaga elkartearen presidenteak azpimarratu zuen, “50 urteotan  elkarteak bizi izan dituen aldaketak” jasotzen asmatu duela Calvok. Dokumentuetan jasotako historia ezezik, elkartearen istorioak ere bildu ditu Raquel Calvok liburuaren 190 orrialdeetan.

Hamabi harrien ahotsa liburua idazteko lana, ederra bezain gogorra izan dela kontatu zuen Raquel Calvo egileak. “Elkarrizketatu ditudan guztiek aberastu dute liburua, izan ere, ohartu naiz, kide bezainbeste Gerediagaren istorio daudela”. Jon Irazabalek ere ideia horri heldu zion aurkezpeneko berbaldian: “Garai bakoitzean Gerediaga elkarte bat bizi izan dugu, hainbat aldiz bere burua berrasmatu behar izan duena, gure eskualdeko mugimendu sozialei oso lotua egon dena...  Saltsa guztietan ibili da Gerediaga elkartean parte hartu izan duen jendea: euskara eta ondarea babesten beti, eskualdeko herrietako hirigintza planak aztertu eta ingurumenari loturiko gaietan...”.

Gazteleraz idatzi du liburua Raquel Calvok, eta euskararako itzulpenagaz, elebidun, kaleratu du Gerediaga Elkarteak. Datorren astetik aurrera Durangoko ohiko liburudendetan eskuragarri egongo da 15 euroan. Elkarteko bazkideek, 10 euro ordainduko dute eta Elkartearen bulegoan erosi ahalko dute.    

Sarean ere irakurgai ipini dute Raquel Calvok idatzitako liburuaren lehenengo kapitulua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!