Bego Goitia: “Enpresa egiturarik barik, profesionalen elkarlanetik sorturiko proiektua da Argi filma”

Anboto 2015ko eka. 5a, 11:00

Iratxe Mediavilla elorriarrak zuzenduko duen Argi filmaren ekoizpen taldearen arduraduna da Bego Goitia (Durango, 1.983). Uztailean Elorrion grabatuko duten film hori ezagutzera eman eta ekarpenak jasotzeko egun guztirako egitaraua prestatu dute biharko. Azoka, ipuin kontalariak, film laburrak, kontzertua... Denetik izango da Elorrioko Kulturaren Egunean.

Zer eginkizunetan zabiltza Argi filmean?
Ekoizpen taldearen arduradun lanetan nabil, beste hainbat lagunekin elkarlanean. Diseimedia komunikazio agentziako bazkide naiz, eta koordinazio lana egiten dut proiektu honetan: babesletzak eta finantziazio bideak lortu, filmatze egunerako behar den guztia –tresneria, lokalizazioak, jantziak– prest dagoela ziurtatu...  

Zenbat jende dabil Argi filmaren lantaldean?
Profesional askoren kolaborazioak bultzaturiko proiektua da hau, ez dago atzean ezelako ekoiztetxe pribaturik. Teknikoak eta aktoreak batuz gero, 40-50 lagun inguru gabiltza.  

Zerk bultzatu du jende hori proiektuan kolaboratzera?
Hainbat arrazoi daude. Batetik, ikus-entzunezko munduan gauzak egiteko daukagun premia dago. Euskal Herrian garatzeke dagoen industria da; inguruan ez dago proiektu askorik. Bestalde, Iratxek bere ibilbidean profesional askoren proiektuetan lagundu du, eta orain laguntza hori bueltan jasotzen dabil. Baina, batez ere, uste dut proiektu erakargarria dela: film luze bat da, Elorrion filmatuko da, horrelako proiektu handi bat Durangaldean egiten den lehenengo aldia da...

Hasieratik zabiltza proiektu honetan, eta, hain zuzen ere, profesionalak ekimenera erakartzea izan da zure lanetako bat.
Bai, hori izan da lehenengo lanetako bat. Iratxe Mediavilla zuzendariak ibilbide luzea du hainbat filmetako arte departamentuetan –Bypass, Tres mentiras eta Camera obscura filmetan, esaterako–. Jende asko ezagutzen du, eta lagun asko erakarri du proiektura.

Iratxegaz lan egin izan duzue?
Askok bai. Camera obscura filmaren grabazioan ezagutu genuen elkar; ni ekoizpenean ibili nintzen lanean, eta bera arte departamentuan.

Zerk animatu zaituzte honelako egitasmo bat abiatzera?
Enpresa egiturarik barik, hainbat profesionalen elkarlanaren bitartez sortzea posible dela ikusteak animatu nau ni, batez ere. Erronka horrek erakarri nau, abentura horren parte izateak. Mediavilla zuzendariaren kasuan, Arriolako 24 Ordu Digitalean lehiaketan Il marquesse filmagaz saria jaso zuen bere lantaldeak. Sariak beste eskala batean zerbait egiteko gogoa piztu zien, proiektu handiago bati ekiteko indarra eman zien.

Zer aurrekontugaz jardutea espero duzue?
Oso oso txikiagaz. Neurria hartzeko: verkami.com webgunean abiatu dugun finantzaketa kolektibo bidezko kanpainagaz 5.000 euro lortzea ipini dugu helburu. Hainbat enpresak utzi dizkiguten baliabideak gehituz gero, 8.000 euroko aurrekontua izango da, gehienez ere. Materiala alokatzeko, eta garraio eta elikadura gastuak ordaintzeko erabiliko dugu diru hori. Gehienok profesionalak garen arren, musu truk gabiltza lanean.

Finantzaketa kolektiboaz gainera, ekainaren 6rako egun osoko jaialdi bat antolatu duzue.
Bai; izan ere, horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko ezinbestekoa da jendea erakartzeko gaitasuna izatea, eta Iratxek ahalmen handia dauka horretan. Jendeari proiektua azaldu, eta laguntzeko aukera daukala adierazi gura diogu biharko jaialdiagaz. Azoka, ipuin kontalariak, film laburrak, kontzertua... Denetik izango da Elorrion egingo dugun Kulturaren Egunean.

Enpresa batzuek babesletzagaz lagundu dizuete.
Bai; Alzola Basque Water, Fortaleza kafea, Bizkaia Esnea eta herriko hainbat merkatari txikik lagundu digute.

Uztailean, Elorrion egingo duzuen grabaziorako dena prest?
Aurreprestaketa lanetan gabiltza, hain zuzen. Filmazioa lau astekoa izatea aurreikusten dugu. Aurrekontu murritza daukagunez, lokalizazio gutxitan –elkarrengandik hurbil daudenetan– behar egitea pentsatu dugu. Adibidez, Elorrioko denda zahar bat izango da leku horietako bat.

Zertan datza filmaren istorioak?
1970eko hamarkadan kokaturiko istorioa da. Lekuz eta garaiz kanpo sentitzen den neska baten istorioa da Argi filmean kontatuko duguna. Itotzen duen herri txiki horretatik alde egin gura du, eta bere barne borroka hori erakusten du istorioak.

Durangaldeko jendea ere badago talde artistikoan.  
Horrela da, bai. Eneko Sagardoyk antzeztuko du protagonistetako baten papera, Felix Arkarazok ere parte hartuko du, eta filmeko musika Antton Uriarte musikari elorriarrak egingo du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!