Zornotzan eta Elorrion pantaila erraldoia jarriko dute Errege Kopako finala ikusteko

Anboto 2015ko mai. 26a, 09:35

Zornotzan, Zelaieta parkean ipiniko dute pantaila, eta Elorrion, berriz, plazan. Finalaren aurretik giroa berotzeko futbolaren inguruko jokoak egongo dira bi herrietan.

Bartzelonaren eta Atlheticen arteko partidua kalean ikusteko aukeraz gain, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Zornotzan eta Elorrion, giroa berotzeko.

Zornotzan, 18:00etatik aurrera izango dira ekitaldiak. Esaterako, karpa bat jarriko dute bideokontsolekin eta FIFA bideojokoan final birtuala jokatzeko aukera eskainiko dute. Horrekin batera, atezaindegi bat egongo da Bartzelonari gol bat sartzeko aukera emango duena eta giza futbolin erraldoian eta soplagolean jokatzeko modua ere izango da. Soplagol deritzona futbolin antzeko bat da, aire hodi batzuekin gobernatzen dena eta horiek dira pilota mugiarazten dutenak.

Elorrion, Futbol Kalean ekimena

Elorrion, futbol txapelketa berezia egingo dute Niceto Urkizu kaleko aparkalekuan, zapatu goizean, 10:30etik 13:30era. Futbol Kalean izeneko Athletic Fundazioaren ekimena izango da. Bizkaiko hainbat herritan kaleko futbol txapelketa berezia jokatuko dute. Futboleko gutxieneko araudia betetz, kiroltasunagaz lotutako balioak indartzea da ekimenaren helburua. Txapelketa herriko neska-mutil guztiei dago zabalik, eta taldeak eurak gura duten moduan osatu ahal izango dituzte, talde mistoak edo mutilek edo neskek osatutakoak. Partaideek hiru modu izango dituzte txapelketan izena emateko: telefonoz deituz (902 014 357), www.futbolkalean.com helbidera mezua bidaliz edo txapelketa egingo den aparkalekuan bertan.

Partaideek 4 jokalariz osatutako taldeak eratu beharko dituzte, atezain barik, eta norgehiagokek 10-15 minutu iraungo dituzte, izena emandako talde kopuruaren arabera. Epaile barik, partideak eurak izango dira jolasa arautuko dutenak.

Talde irabazleak, antolakuntzak izendatutakoarekin batera, hurrengo faserako sailkatuko da, bi taldeen artean, bere herria ordezkatuko duen futbol 7ko talde bakarra eratuz. Finalerdia ekainaren 7an jokatuko da Plentziako hondartzan, eta txapelketaren finala Lezamako futbol zelaian jokatuko da astebete geroago, ekainaren 14an.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!