Udal hauteskundeak 2015

EAJ izan da alderdi bozkatuena Durangaldean

Anboto 2015ko mai. 25a, 00:12

EAJk lortu du boto gehien Durangon, Zornotzan, Iurretan, Berrizen eta Mallabian. EH Bilduk, bestalde, Elorrion, Atxondon, Zaldibarren, Otxandion, Izurtzan, eta Mañarian irabazi ditu hauteskundeak. Abadiñon AIk mantenduko du alkatetza, eta Garain, berriz, Herriko Taldeak. Ekainaren 13an osatuko dituzte udalbatza berriak. Hainbat ordezkari politikok emaitzen inguruko balorazioa egin dute.

EAJ izan da Durangaldean 2015eko Udal Hauteskundeetako alderdi bozkatuena 14.787 botorekin. EH Bildu gertu izan du, 13.763 botorekin. Ana Otadui Elorrioko EAJko ordezkariak azaldu duenez, jeltzaleek “oso emaitza onak” izan dituzte Durangaldean. Gaineratu duenez, “EAJ herri honek behar duen gehiengoaren ardatza da. Herriz herri oso emaitza onak lortu ditugu, eta orain, adostasun eta akordioetarako garaia da gure herritarren alde lan egiteko”.

Durangon, EAJrena izan da zerrenda bozkatuena. Durangoko jeltzaleek prentsa oharrean diotenez, “Durangoko EAJk eskua luzatzen die beste behin gainerako indar politikoei Durango hobeago bat eraikitzeko apustua egiten duten alderdi guztiei, hain zuzen. Ahalegin guztiak egingo ditugu akordioetara heltzeko borondatea duten alderdiekin akordioak erdiesteko”. Iurretan, Berrizen, Mallabian eta Zornotzan ere jeltzaleena izan da zerrenda bozkatuena.

Durangon, EH Bilduk ez ditu espero zituen emaitzak eskuratu. Hala ere, Dani Maeztu zerrendaburuak azaldu du eskuratu dituzten zazpi zinegotziek kanpainan konprometitutakoagaz lan egingo dutela. Sortutako ilusioagaz aurrera egingo dutela gaineratu du koalizioaren ordezkariak.

 

 Herriaren Eskubidea (Podemos) indartsu Durangon

Emaitzekin pozik agertu da Durangoko Herriaren Eskubidea, eta ez da gutxiagorako. Udal hauteskundeetara aurkeztu diren lehenengo aldi honetan, hiru zinegotzi eskuratu dituzte. Julian Ríos zerrendaburuaren arabera, “Durangoko herritarrek berba egin dute eta aldaketa gura dutela esan dute. Aldatzeko ardura dugu. Hau hasiera baino ez da. Oso aurrekontu txikiarekin, egun osoa lanean eman dugu proiektu hau aurrera ateratzeko eta azkenean merezi izan du”. Aliantza edo akordioei buruz galdetuta, Riosek erantzun du Durangon aldaketa gura dutenekin hitz egin dezaketela, baina berdin jarraitu gura dutenekin ez direla egongo.

Gainerako herrietan, Elorrioko Herriaren Eskubideak ordezkari bat izango du udalean. Zornotzako Hiri Ekimenak berriz, bi zinegotzi izango ditu. Era berean, Zaldibarren 92 bozka lortu ditu udal hauteskundeetara lehenengoz aurkeztu den Omnia taldeak. Baina ez du ordezkaritzarik lortu udaletxean."Emaitza hobea espero genuen, baina ulergarria ere bada, hain denbora gutxian ez baitugu lortu herritarrei gure proiektua ezagutzera ematea", esan du Miguel Angel Villanueva zerrendaburuak. "Ez gara adoregabetuko, alderantziz, lau urte barru berriro aurkeztu eta emaitza hobea ateratzeko lanean jarraituko dugu. Erakutsiko dugu merezi dugula udalean egotea".

 

Boto gutxi batzuen aldeagaz

Mallabian eta Mañarian, bozka gutxi batzuek erabaki dituzte hauteskundeetako emaitzak. Mañarian, boto biren aldeagaz EH Bilduk alkatetza ziurtatu du. Beraz, Endika Jaiok udalaren gidaritzan jarraituko du hurrengo agintaldian ere. Mallabian berriz, hiru botoren aldeagatik EH Bilduk alkatetza galdu du. Orain arte zinegotzi izan den Igor Agirre jeltzalea izango da legegintzaldi honetan Mallabiko alkate.

 

PPren gainbehera

Alderdi Popularra ordezkari bakarragaz gelditu da Durangaldean. Fran Garate izango da PPko zinegotzi bakarra eskualdean, Durangon. Izan ere, popularrek Zaldibarren, Iurretan eta Elorrion zituzten ordezkariak galdu egin dituzte. Guztira, Durangaldean Alderdi Popularrak 1.724 bozka jaso ditu. Datuak ezagututa Fran Garateren berbetan “kolpe handia” izan da: “Agian badago PPren irudi bat estatu mailan eta horrek eragin ahal izan du”.

 

PSE-EEk behera

Alderdi sozialistak behera egin du udal hauteskundeetan. Durangon bi zinegotzirekin gelditu dira, aurreko legegintzaldian baino bat gutxiago. "Bat-batean eta indarragaz sartutako" talde poltiko berriak zuzenean eragin du zinegotzi kopuruan, Durangon PSE-EEren zerrendaburu joan den Pilar Riosen berbetan. "Nabarmena izan da eragina, Herriaren Eskubideak hiru zinegotzi lortu ditu Durangon, eta, EAJ ezik beste alderdiok zinegotzi bat galdu dugu". Gaineratu dutenez, "lan asko egin dugu eta hori ez da zinegotzi kopuruan ikusi. Hala ere, aniztasuna zabalagoa izango da". Iurretan, aurreko agintaldian bi zinegotzi zituzten, eta orain bakarrarekin gelditu dira. Ordezkaritza mantenduko dute Zaldibarren (bi zinegotzi) eta Berrizen (zinegotzi bat). Durangaldean guztira, PSE-EEk 2.341 boto jaso ditu.

Durangaldean zortzi zinegotzi izan ditu PSE-EEk eta sei izango ditu legegintzaldi berrian. Alde positiboa ere ikusi du Riosek udal eta foru hauteskunde hauetako emaitzei begiratuta. Europako parlamenturako hauteskundeekin lortutako emaitzekin alderatuta boto kopurua gehitu du PSE-EEk: "Berreskuratzen hasteko inflexio puntua izan da".

 

 Abadiñoko Independienteak garaile

 

Abadiñon Jose Luis Navarro buru duen Abadiñoko Independienteak taldearena izan da zerrenda bozkatuena. AIk sei zinegotzi izango ditu, EH Bilduk bost eta EAJk bi. Navarrok azaldu duenez, “balorazio positiboa egiten dugu, bigarren alderdiarekiko aldea 140 boto ingurukoa zen 2011n eta orain alde hori bibidertu egin da. Egin behar den beste hausnarketa bat da abstentzioa handitu egin dela eta horren ondorioz ez dugu eskuan izan dugun gehiengo osorik lortu. Gobernatzeak erre egiten du eta seguruenik denak ez dira ados egon gure politikekin eta beharbada horregatik botoak galdu ditugu aurreko hauteskundeekin alderatuta”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!