Osasun zerbitzuetan euskarazko arreta bermatu gura du Berdin elkarteak

Anboto 2015ko api. 29a, 10:10
Ezkerrik hasita: Aitor Montes, Ainhoa Larrañaga, Pako Aristi eta Garbiñe Elizegi.

Atzo Durangoko Plateruenean aurkeztu zuten elkarte berria. Osasun zerbitzuen erabiltzaile eta langile euskaldunak bilduko dituen elkarte bat izan gura du. Euskal Herriko osasun sisteman arreta euskaraz eskaini dadin lan egitea dute helburu.

Ainhoa Larrañaga Mondragon Unibertsitateko irakasleak azaldu zuenez, sasoi batean, medikuntza zientifikoaren ereduan, medikuari ematen zitzaion lehentasuna, baina gaur egun pazientean zentraturiko eredua da nagusi: “Pazientea da ardatz, zerbitzua pazientearen egoera, izaera eta inguruneari egokitu behar zaio”. Eta eredu horri jarraituz, “kalitatezko osasun arreta pazientearen hizkuntzan eskaintzen dena da; harreta eta hizkuntza banaezinak dira”. Aitor Montes Aramaioko familia mediku eta elkarteko sustatzaileetako baten esanetan ere “kalitatezko zerbitzua pazientearen hizkuntzan eskaintzen dena da eta ez litzateke izan behar osagarri bat, baizik bete beharreko gaitasun bat”.

Euskarazko arreta “edonon eta edonoiz bermatu behar da”, jarraitu zuen Larrañagak: “Maila denetan eman behar da, kontsultategian zein ospitalean, ahoz zein idatziz”. Horrela, elkarte berriak osasun zerbitzuen erabiltzaile eta langile euskaldunak bilduko dituen elkarte bat izan gura du: “Laguntza behar duenari babesa emateko, aholkularitza eskaintzeko, elkarren arteko harremanak sustatzeko, modu horretara osasun harretaren kalitatea bermatuz”. Laburbilduz, “aniztasunetik abiatuz berdintasuna bultzatuko duen elkarte bat izan gura dugu”.

Atzoko agerraldian, Baztango egoeraren berri ere eman zuen Garbiñe Elizegi alkateak. Euskarazko osasun zerbitzua izateko zailtasunak dituzte eta azaldu zuenez egoera aldatzeko neurri bila hasi ziren erakundeetan.

Pako Aristi idazleak euskara “berriro piramide sozialean birkokatzeko” beharraz mintzatu zen. Besteak beste, “politikarien utzikeria” salatu zuen: “Euskal Herrian ez da oraindik erabaki politiko global bat hartu euskarari buruz lurralde osora eta estrakto denetara zabalduko litzatekeena. Euskara oraindik zintzilik dagoen gai bat da ez dago estrategiarik eta estrategia falta denean arazo kolektiboa indibidual bihurtzen da.”

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!