Oier Ariznabarreta sasoi betean helduko da Europako duatloi txapelketara

Anboto 2015ko api. 20a, 12:01

Berako mendi maratoi erdia irabazita ostean, Europako duatloi txapelketa jokatuko du Alcobendasen (Madril) asteburuan. Gorka Bizkarrarentzat, aldiz, asteburu beltza izan da; antolakuntzako akats batek irabazteko aukera barik utzi du lehenengo zihoanean.

Oier Ariznabarreta durangarrak Berako mendi maratoi erdia irabazi du asteburuan Durango Kirol Taldeagaz. 21 kilometroko lasterketa 1.39.21eko denboran osatu du eta minutu bitik gorako aldea atera dio Didier Zago frantziarrari (1.41.45). Lasterketaren lehen erdian ihes egin eta ondoren abantailari eutsi dio, ahal zuenean indarrak gordez: “Datorren asteburuan Europako duatloi txapelketa jokatuko dut eta, ahal zen heinean, indarrak gorde beharra zegoen”, adierazi du. Hein handian arrazoi horregatik, ez du apurtu iaz berak ezarri zuen marka (1.37.30). Horrela, sasoi betean eta itxaropentsu aurre egingo dio Europako duatloi txapelketari. Helburuei buruz galdetzean, “irabaztea” da bere erantzuna.

Gorka Bizkarrari lasterketa hondatu diote

Gorka Bizkarra (Triatloin Santander) mañariarrarentzat, aldiz, asteburu beltza izan da. Polanco herrian Kantabriako txapelketa jokoan zegoen duatloia lehiatu du eta antolakuntzako akats batek garaipena eragotzi dio. Korrika osatau beharreko lehen partziala bigarren tokian amaitu ostean, bizikleta gainean lasterketa buruan kokatu zen, apurka-apurka, atzean zetozenekiko aldeak handituz: “Erraz nindoan”, adierazi du. Baina une horretan, antolakuntzako kotxe batek okerreko bidetik bideratu zuen eta akatsaz konturatu zirenerako beranduegi zen: “Lehiaketa batean negar egiten dudan lehen aldia izan da”, onartu du: “Ahazteko moduko asteburuan izan da, baina honek gogorragoa egingo nau”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!