Durangaldeko Bizikleta Eskola aurkeztu dute 35 gaztetxogaz

Anboto 2015ko api. 20a, 11:05
Bizikleta eskolako gaztetxoen familia argazkia.

Eskualdeko lau txirrindularitza elkartek indarrak batu dituzte harrobia lantzeko. Momentuz, haur-kategoriara arteko 35 gaztetxogaz hasi dute bidea.

Abadiñoko Gerediaga auzoko ermitaren inguruetan egin zuten eskolaren aurkezpen ofiziala  joan zen barikuan. Hantxe batu ziren Durangaldeko Bizikleta Eskolaren sustatzaileak eta kimu mailatik haur-kategoriara arteko 35 txirrindulari gazteak. Gaztetxoak banan-banan aurkeztu zituzten bertaratutakoen txaloen artean.

Durangaldeko Bizikleta Eskola Durango, Elorrio (atxondarrak barne) Iurreta eta Abadiñoko txirrindularitza taldeek elkarlanean sortutako proiektua dela adierazi zuten: “Txirrindularitza sustatzeko denok norabide berean arraun egin gura dugu. Indarrak batzeko modua da”. Rodri Sainzek diseinatu duen eskolaren logoak ere indarren metaketa hori islatzen du.

Ibon Atxotegi, Joseba Gorostiza eta Asier Garcia izango dira gaztetxoekin lanean arituko direnak. Eskolaren aurkezpena orain egin badute ere, dagoeneko martxan dago eta hainbat ekintza egin dituzte. Ohiko entrenamenduez gainera, besteak beste, Zornotzako Udaberri Klasikoa bertatik bertara ikustera joan ziren orain astebete eta hango bizikleta ginkanan parte hartu zuten.

Lehen urte honetan Caja Rural eta Gandarias altzari denda izango dituzte laguntzaile; baita Durango, Elorrio, Atxondo, Iurreta eta Abadiñoko udalak ere.

Eskolaren gaineko informazioa egunera eramateko webgune bat sortu dute: www.durangaldekobizikletaeskola.com. Eskolarako izen-ematea ere webgune horren bidez egin daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!