Dispertsioaren kontra batzera deitu du Sarek

Anboto 2015ko api. 20a, 10:05

Euskal Herrian mobilizazio eta ekimen asteburua burutu du Sarek, eta Durangaldean auto-ilara egin zuen atzo goizean. Ostean, kalejira eta ekitaldia egin zituzten Durangon.

Santa Ana plazan Unai Iturriaga eta Peio Azkaratek kantatutako bertsoekin hasi zen ekitaldia. Gero, dantza ikuskizuna eskaini zuten, soka-dantza berezi bategaz. Eguneko mezua irakurri zuten ostean, eta dispertsioaren kontrako sarea osatzen jarraitzeko deialdia egin zuten. Duela urtebete jaio zen Sare, eta ordutik egindako ibilbidea gogoratu zuten, Bilboko urtarrileko mobilizazioa kasu: "Dispertsioarekin amaitzeko esperantzaren argi printza bihurtu ginen, bakoitzak bere argia zerurantz altxatuta".

Presoek sufritzen duten sakabanaketa politika amaitu behar dela aldarrikatu zuten: "Urgentziaz amaiera behar duen mendeku politika da, sufrimendua eragiten duena, eta ikuspegi humanotik, sozialetik zein judizialetik zentzurik ez duena gainera". Horri gehituta, konponbide politikoa errazteko bidean ere eman beharreko pausoa dela uste du Sarek. Bestalde, adierazi zuten Estrasburgoko auzitegiak sententzia batzuetan esan duela presoek euren familiengandik gertu egon behar dutela. 

Egoera horri buelta emateko, sarekide bihurtu eta dispertsioa azaltzen duen liburuxka zabaltzeko proposamena egin zuten amaieran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!