Lourdes Oyarbidek maillot horiagaz hasi du Espainiako Kopa

Anboto 2015ko api. 13a, 12:11
Lourdes Oyarbide maillot horiagaz

Asteburuko lasterketa bien ostean, Lourdes Oyarbide 23 urtez azpiko liderra da.

Zapatuan eta domekan Espainiako Kopako lehenengo lasterketa biak jokatu zituzten Avilan (Fontiveros) eta Zamoran. Bizkaia-Durangok protagonismo handia izan zuen bietan. Lourdes Oyarbide 23 urtez azpiko lider dago une honetan eta atzo, Zamoran, Dorleta Eskamendi lasterketa irabazteko puntuan izan zen.

Zapatuko lasterketa ikusgarria eta azkarra izan zen; 40,75 km/orduko batez bestekoan ibili ziren. Bizkaia-Durangok ez zuen esprintik gura, baina Lointek taldeak bai. Lasterketa osoan bien arteko tira-bira hori nagusitu zen. Bizkaia-Durangok hainbat ihesaldi saiakera egin zituen, baina Lointek-ek ondo erantzun zien. Azkenean, Lointek berearekin irten zen eta esprintean Aurore Verhoeven (Lointek) izan zen onena. Baina Bizkaia-Durango ez zen esku hutsik geratu: Lourdes Oyarbide 23 urtez azpiko aurreneko sailkatu zen eta maillot horia jantzi zuen; Yulia Ilinyk tarteko helmugetan azkarrena izan zen eta mendigo sailkapena Anna Ramirezentzat izan zen.

Kadete mailan Maialen Aramendia (CAF Transport Engineering) bigarren tokian sailkatu zen. Gainera, taldekako sailkapena irabazi zuen CAF-ek.

Atzo, Zamoran, Dorleta Eskamendik gertu izan zuen garaipena. Alba Teruel eta biek ihes egin zuten, baina esprintean Lointek taldeko txirrindularia azkarragoa izan zen. Hala ere, bigarren postuagaz batera, mendiko sailkapeneko lidertza lortu zuen Eskamendik.

Lourdes Oyarbidek maillot horiari eutsi zion, hein handian taldeko lanari esker. Aurrean bederatzi txirrindulariko ihesaldi bat sortu zenean, Bizkaia-Durangok lan handia egin zuen Oyarbide haiengana batzeko eta helburua lortu zuen. Oyarbidek talde-lana eskertu du: “Taldeak uneoro lagundu dit, batez ere, indar aldetik justuen nengoenean. Taldeak eraman nau aurrera. Lan handia egin dute eta oso esker oneko nago”.

Espainiako Kopako hirugarren proba maiatzaren 2an jokatuko dute Villasana de Menan (Burgos).

 

Avilako probari buruz Bizkaia-Durangok egin duen bideoa:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!