Durangaldeko zentroa eta 15 ibilbide sartu gura dituzte BTT Euskadi sarean

Anboto 2015ko api. 10a, 09:30
Mari izeneko ibilbideak, esaterako, Durangalde osoa inguratzen du. Argazkia: Lehior Elorriaga.

Abadiñoko Tornosolo trinketetik abiatuko dira BTT Durangaldea egitasmoko hamabost ibilbideak. Proiektua Durangaldeko zaleentzat zein turistentzat planteatu dutela azaldu dute egitasmoaren arduradunek.

Amankomunazgoko arduradunek aurreikusitakoa baino gehiago luzatu den arren, Durangaldeko BTT zentroaren eta ibilbideen proiektuak aurrera jarraitzen du. Durangaldeko mendiko bizikleta proiektua Euskadiko BTT zentroen sarean barneratzeko ahaleginean dabiltza orain. Izan ere, baldintza zehatz batzuk bete behar dira BTT zentroa Eusko Jaurlaritzaren zentro homologatuen sarean sartzeko. Horrela, Busturialdea Urdaibairi, Izki Arabako Mendialdeari, Debabarrenari, Valderejo Añanari eta Tolosaldeari Durangaldeko zentroa gehituko litzaieke. Mendiko bizikleta gogoko duten Durangaldeko zaleak geroago eta gehiago direnez, proiektu honek guztien beharrak asetzea du helburu.


Hamabost ibilbide
Durangaldeko mendiko bizikleta egitasmoak hainbat zailtasun maila eta hainbat luzera dituzten hamabost ibilbide aurreikusten ditu. Guztira, 477,5 kilometro hartzen ditu. Sendo SL ingeniaritza enpresa bide publikoetan oinarritu da ibilbide horiek diseinatzeko. Hilabete batzuk behar izan ditu udal guztiekin hartu-emanean jarri, eta bide guztietatik igarotzeko baimenak lortzeko. Horixe izan da, hain zuzen, proiektua atzeratzeko arrazoia. Ibilbide horiek udalerri hauetatik pasatuko dira: Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Zaldibar eta Zornotza.

Harrera zentroa Abadiñon
Abadiñoko Tornosolo trinketean izango du proiektuak bere harrera gunea. Durangaldeko zentroaren berezitasunetako bat da ibilbide guztiak Tornosolo trinketetik irtengo direla. Bizikletentzako tailerra, txirrindulariak dutxatzeko gunea eta informazioa zabaltzeko harrera-lekua bertan egokitzea da asmoa. Durangaldeko zaleek zein kanpotik etorri daitezkeenek bertan informazioa jaso ahal izango dute.

BTT Euskadiren homologazioa lortu eta gero, proiektuaren azken fasea urrian jarri gura dute martxan Amankomunazgoko arduradunek. Trinketearen egokitzapenera 57.800 euro bideratuko dituzte, eta bideen komunikaziora zein seinaleztapenera 173.030 euro. Beraz, aurreikuspenak betetzen badira, 2016ko lehen zatian proiektua martxan egon daiteke.

“Proiektua bertako zaleentzat zein turistentzat planteatu dugu ”

Guillermo Ruiz de Erentxun - Sendo SL enpresako arduraduna

Zelan diseinatu dituzue BTT ibilbideak?
Hainbat aditugaz berba egin dugu. Lejarretatarrekin, Durangoko institutuko irakaslea den Mikel Laskurainekin eta Leanizbarrutiatarrekin elkartu gara. Sapubike elkarteagaz ere hartu-emana izan dugu.

Zer zailtasun aurkitu duzue?
Hau proiektu instituzional bat da, eta Basquetourreko BTT zentro homologatuetan sartzeko lan burokratiko handia egin behar izan dugu. Bideek publikotasuna behar dute, eta ezin da bide pribatu baten gainetik egin. Gure lan nagusia horixe izan da. Beraz, udalez udal joan gara Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteagaz batera bideen publikotasuna argitzen. Ez da batere lan erraza izan, bideen inbentarioak kasu askotan egin gabe egon direlako. Esate baterako, Abadiñoko Mendiola auzoko galtzada erromatarra teorian ez da publikoa, ez dagoelako inbentariorik. Beraz, bide horien erabilera publikoa eskatu dugu.

Hamabost ibilbideek zelako ezaugarriak dituzte?
Familientzat zailtasun gutxiko ibilbideak egongo dira, kolore berdekoak. Urdinak, luzetxoagoak eta aldapa gehiagokoak izango dira. Gorriak prestatutako jendearentzat dira. Eta zailenak, ostera, beltzak dira.

Zein nabarmenduko zenuke?
Mari izena duen ibilbidea nabarmenduko nuke, beltza. Durangalde osoa inguratzen du (102 km). Durango, Izurtza, Mañaria, Saibi, Urkiola, Udalatx, Elorrio, Intxorta eta Oiz aldea. Arrakasta gehien duena da. Izan ere, proiektu hau guk ez dugu bertako jendearentzat bakarrik planteatu. Kanpotik datozenentzat ere bada, turismoari begira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!