"Gestampen lan karga bermatuta dago"

Anboto 2015ko api. 8a, 10:02
Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Gestampeko Francisco José Ribera, akordioa sinatzen.

“Abadiñoko fabrikan hurrengo urteetarako lan karga bermatuta daukagu”. Hori adierazi zuen autoentzako metalezko osagarriak lantzen dituen Gestamp enpresako ordezkariak, Francisco José Riberak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera eginiko agerraldian. Estanpazio beroagaz lotutako linea bat zabalduko dute Abadiñoko fabrikan, Volkswagen eta Opel etxeek eskari gehiago egin dizkietelako. Beraz, albiste ona da enpresarentzat eta beharginentzat, eta baita Gestamp enpresaren inguruan eskualdean lan egiten duten lantegientzat ere.


Joan zen astean egin zuten agerraldia Riberak eta Iñigo Urkullu lehendakariak. Prestakuntzagaz lotutako akordio baten berri ere eman zuten bertan. Gestampek gaur egun mundu mailan dituen beharginak eta inbertsioei esker etorkizunean etorriko direnak prestatzeko Zornotzako Boroan Gestamp Tecnology Institute zentroa zabalduko dute. Adibidez, estanpazio beroaren, laser bidezko mozketaren eta soldaduraren inguruan gehiago ikasteko balioko die zentroak. Urkulluk eskerrak eman zizkion enpresari, erkidegoan egingo dituen inbertsioekin erakutsitako “konpromiso eta ahaleginagatik”.

Jaurlaritzak 846.000 euroko laguntza emango dio enpresari urtero, bost urteko tartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!