Bosgarren kontainerra Abadiño, Atxondo, Elorrio eta Zaldibarrera zabalduko dute

Anboto 2015ko mar. 30a, 09:00
Amankomunazgoak Iurretan eta Abadiñoko Traña-Matienan jarri ditu oraingoz zabor organikoa batzeko edukiontziak.

Amankomunazgoaren aurrekontuak onartu dituzte, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. Bildu abstenitu egin zen.

6,8 milioi euroko aurrekontua dauka Amankomunazgoak 2015erako, eta horietatik 4,2 erakundearen baitako herrien aportaziotik datoz. Gizarte zerbitzuetako partida %3,9 handitzea onartu dute, eta gizarte larrialdietarako 417.000 euro bideratuko dituzte, adibidez.

Bestalde, zabor bilketari dagokionez, bosgarren kontainerraren eta autokonpostajearen proiektua Abadiño, Atxondo, Elorrio eta Zaldibarrera zabaltzea erabaki dute. Enplegua bultzatzeko 427.000 euro inbertituko dituzte, Lanbide ikastetxerako 795.000, euskararen sustapenerako 108.000 eta kirol instalazioetarako 330.000tik gora.

EHBilduren kritika eta EAJren ernatzuna

EHBilduko Arantza Baigorrik abstentzioaren arrazoiak eman zituen.Batetik, Amankomunazgoko komunikazio aholkularitza “legealdi osorako kontratu batekin” kontratatu beharko litzatekeela adierazi zuen, eta ez urterik urtera berrituz “18.000 eurotik beherako kontratu txikiekin”: “Hiru urte hauetan irabazi duen diruak 18.000 euroak gainditu ditu, hau dela eta, gure iritziz, kontratazio hau ez da legezkoa”.

Bestetik, legegintzaldi honetan, “hasiera-hasieratik Bildurekiko izan den jarrera bazterketarena” izan dela salatu zuen: “Bilduren proposamenak kontuak hartuak ere ez dira izan eta automatikoki albo batean utziak izan dira”. Amankomunazgoak “modu presidentzialista” batean funtzionatu duela adierazi zuen: “Legegintzaldi osoan, alkate guztiak batzen dituen batzar bakar bat egin du lehendakariak. Bilduko alkateekin izan duen harremana hutsaren hurrena izan da”.

Azkenik, orain lau urteko udal hausteskundeen ostean, Amankomunazgoko ordezkaritza osatzerako orduan “EAJ eta Abadiñoko independienteen arteko txantxullo politikoa” salatu zuen: “Argi utzi gura dugu, Amankomunazgo honen ordezkari diren bik, ez luketela ordezkari izan behar”.

EAJko Goiztidi Diazen esanetan EHBilduk adierazitakoak “gezurrak” dira. Amankomunazgoko osaketaren inguruan, gaur egungo ordezkari denak “eskubide osoz, modu demokratikoan eta legearen barruan” daudela adierazi zuen “akordio baten” ondorioa izan zelako.

EHBilduk salatutako bazterketa ere gezurra zela adierazi zuen: “Ezer egiten ez duenak, parte hartzen ez duenak, aurrekontuak azaldu diren batzordeetara etorri ez denak, salatu egiten du aurrekontuak ez direla parte hartzaileak izan. Parte hartu ez duzuen lehenengoak zuek zarete. Azal gogorra behar da baztertuak egon zaretela esateko. Presidentearen atea beti zabalik egon da ekarpenak egiteko”.

Komunikazio aholkularitzako kontratazioaren inguruan, “ ez dugu ezer berririk edo ilegalik egin”, defendatu zuen: “18.000 eurotik beherako kontratuak zuzenean egin daitezke. Horrela egin dugu urtero-urtero. Beraz, legearen barruan egin dugu, betiko moduan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!