2014an 379 gaztek jaso zuten 'Jar zaitez martxan' proiektuko laguntza

Anboto 2015ko mar. 24a, 13:36

Durangaldeko Amankomunazgoa eta hamabi udal (Atxondo eta Otxandio ez beste guztiak)  Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Planera batu ziren, eta gazteei lana topatzeko zein emantzipazioa sustatzeko baliabideak emateko asmoa agertu zuten. Horrela, Jar zaitez martxan izeneko proiektua hasi zuten iaz, eta aurten bigarren fasea garatuko dute. Behargintza zerbitzutik bideratutako ikastaro, aholku eta diru-laguntzak batuta, 379 gaztek jaso zuten iaz egitasmoaren laguntza.


Augusto Uriarte Behargintzako zuzendariak eman zituen datuak martitzenean, hainbat kargudunekin batera egindako prentsaurrekoan. Esaterako, lana topatzen laguntzeko eskainitako ikastaroetan 93 neska-mutilek parte hartu zuten, eta 26 eta 29 urte bitartekoak izan ziren gehienak. Ekintzaileengan pentsatuta, aholkularitzako hamalau jardunaldi burutu zituzten, eta 204 gaztek parte hartu zuten. Horri eskerrak 32 enpresa proiektu ipini ziren martxan; abendurako hemezortzi alta emanda zeuden eta beste hamar bat ematear. Bestalde, 40 enpresari 1.100 euroko laguntza bana eman zieten, 44.000 euro inbertituz. Enpresa horiek, urtebetean alta emanda egoteko konpromisoa hartu zuten laguntza jaso ahal izateko.

Iaz 224.000 euroko aurrekontua eduki zuen egitasmoak, eta aurten 187.000koa izango du. Hitzarmena sinatutakoan adostutako kopurua fase bitan zatitu dutelako dago aldea urte batetik bestera. Adibidez, enpresentzako diru-laguntzetan igarriko da aldea, 25 izango direlako 40 beharrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!