Jon Zubizarreta, herri-jagolea: "Oinez nabilenez, kaleko arazoak udaltzainek baino lehen ikusten ditut"

Anboto 2015ko mar. 1a, 10:00

Lan egiteko, egun euritsu eta haizetsuak dira Jon Zubizarretarentzat (Zaldibar, 1993) gogaikarrienak. Berrizen gora eta behera ibiltzen da, kalean txarto dauden kontuei argazkiak ateratzen, eskola inguruko zebra bideetan udaltzainari laguntzen eta txarto aparkatutako kotxeei abisuak ipintzen, besteak beste.


Herri-jagolea zara. Horrek herritarrei errieta egiten diezula esan gura du?
Ez. Ni saiatzen naiz gauzak modu onean esaten, eta normalean ez naiz eztabaidetan sartzen. Norbaitek egun txarra badauka, eta erantzun txarren bat ematen badit, zer egingo zaio! Nik nire lanagaz jarraitzen dut, eta eztabaidatu behar bada, udaltzaina dago horretarako.

Udaltzain txiki baten modukoa zara?
Ez daukat ahalmenik isunak jartzeko edo txakurren dokumentazioa eskatzeko, baina hor nago, herriari laguntzeko. Kexak biltzen ditut, batez ere, jende nagusiarenak. Etorri egiten zaizkit zalantzak edo kexak kontatzera; nik koadernotxo batean apuntatzen ditut, eta gero saiatzen naiz entzundako horiek alkatetzan edo Hirigintza Sailean azaltzen. Azken baten, zubi-lana egiten dut.

Trafiko isunik ez, baina abisuak jartzen dituzu. Jendeak kasu egiten du?
Orokorrean bai, baina gertatu izan zait kotxeari abisua goizeko 10:00etan jarri, eta arratsaldeko 15:00etan oraindik bertan egotea. Horrelako kasuetan udaltzainari deitzen diot, eta berak ipiniko dio isuna.

Oraintsu, txakurren inguruko araudiaren berri ematen hasi zara. Zer diote berriztarrek?  
Erreakzio ona izan du jendeak, momentuz ez dira asko aztoratu. Esaten dute garrantzitsua dela horri buruz informatzea eta kontzientziatzea.

Herri-jagolea izateko lotsa gutxi behar da?
Ni lotsatia naiz berez, baina behin praktika eta konfiantza hartuta, gustura nabil. Lehenengo egunetan arraroagoa zen. Jendeak ikusten ninduen txalekoagaz, eta ez zekien zer egiteko nengoen. Baina orain oso ondo: jendeagaz tratua daukat, eta batzuk nigana hurreratzen dira gauzak komentatzera.

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?
Herriko akatsei argazkiak ateratzea. Zaletasuna familiatik datorkit gainera, nire osaba oso argazkizalea da eta. Gustatzen zait kameragaz ibiltzea. Gero, txostenak idazten ditut, eta poza ematen du handik denbora batera gauzak konpontzen dituztela ikusteak.

Anekdota politik izan duzu?
Behin, 16:00etan eskolara joan nintzen, zebra bidean trafikoa zuzentzera, eta eskolako aterpean guraso batzuk txokolatea eta bizkotxoa banatzen zebiltzan. Guraso batek txokolatea eskaini zidan, eta handik denbora batera kikara batean ekarri zidaten. Trafikoa zuzentzen eta txokolate beroa edaten nenbilen, pixka bat komikoa izan zen egoera. Trago bitan hartu nuen.

Herri-jagolearen lana ezinbestekoa dela uste duzu?
Udaltzainak ere kalean ibiltzen dira, baina beste modu batean; kotxean, patruilatzen... Ni oinez nabil, eta oinez nabilenez,  gauzei ondo begiratzeko aukera daukat; herrian dauden arazoak edo apurtuta dauden gauzak lehenago ikusten ditut. Herri guztietan ez da beharko, baina Berriz edo Zaldibar moduko herri txikietan komeni dela uste dut.

Zaldibarren, Txintxaur aisialdi taldean ere bazabiltza. Zer moduz?
Lagun batek unibertsitateko proiektua egiteko aukeratu zuen gaitzat aisialdi talde bat sortzea, eta gero aurrera jarraitu du. Jendea batzen hasi zen, eta bagabiltza aurrera egiten. Zaldibarko gazteek udaleku esperientzia bat izan ahalko dute, eta oso ideia ona dela uste dut.

Zaldibarko gazteak aktibo zabiltzate azkenaldian; Txinaurriak taldea ere sortu da.
Bai. Egia esan, gazteen belaunaldi hau oso aktiboa da. Iniziatiba duen gazte asko dago, aisialdiaren inguruan dauden gabeziak betetzeko gogoagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!