Norbera bere enpresaren buru: ekintzaileekin berbetan

Anboto 2015ko ots. 27a, 09:00

Enpresen sorreran zailtasunak egon badaude, baina baita poztasunerako momentuak ere. Enpresa martxan jarri, eta eskainitako zerbitzuagaz bezeroak pozik daudela ikustea da ekintzaile gehienak gogobetetzen dituena. 2014. urtean Behargintzako aholkularitza jasota martxan jarritako bost enpresatara jo dugu bakoitzaren esperientzia ezagutzeko.

JOSÉ MARIA DE COS GONZÁLEZ  - DURANGO:

“Kalitatea prezio lehiakorrekin eskaintzea da gure publizitate onena” 

Jose Maria de CosElikadura ekologikoko produktuak eta elikadura naturaleko jakiak soltean saltzen ditu Jose Maria de Cosek Ekosano dendan. Pasta, irina, lekaleak, fruitu lehorrak, teak, infusioak, ogia eta ontziratutako produktuak saltzen ditu Alde Zaharrean, 2014ko abenduan zabaldutako dendan. “Kalitatea prezio lehiakorrekin eskaintzea da gure publizitaterik onena”, azaldu du Ekosanoko buruak. Bezeroen produktuak beste batzuei aholkatzea izan da dendari dela izandako lorpen handiena. Zailtasun handiena, berriz, denda ahalik eta arinen zabaltzeko hornitzaileekin eta abarrekin koordinatzea izan dela aitortu du. Behargintzaren laguntza ere jaso zuen informazioa eskuratzeko. “Ondo salduko direla uste duzun produktuekin asmatzea garrantzitsua da”. Ekosano denda txikia den arren, espazioa ondo aprobetxatuta dagoela dio, eta produktuak eskaeraren arabera ekartzen dituztela. “Merkatuko joerei adi egon behar duzu”.

 

JANIRE GARZÓN QUINTANA eta RAÚL HERNÁNDEZ PETREL  - DURANGO: 

“Behargintzak bideragarritasun plana egiten lagundu digu”

Janire Garzon eta Raul Hernandez2014ko irailean jarri zuten martxan Forester argazki zerbitzua. Askotariko argazkiak ateratzen dituzte Janire Garzonek eta Raúl Hernandezek. Ezkontzak, bikote saioak, jaioberriak, umeak... Apurka-apurka www.foresterfotografos.com webguneak izan duen harrera ona eta egindako lanarengatik bezeroek emandako esker on hitzek bikote profesional honi aurrera egiteko indarra ematen diote. Elkarrekin atera gura dituzte argazkiak munduko edozein txokotan. Enpresa martxan jartzerakoan, coworking espazio bat falta izan dela uste dute. Behargintzak enpresaren sorreran lagundu die, bereziki enpresen sorrerako ikastaroaren bidez, eta baita bideragarritasun planaren bidez ere.

 

JESÚS MARIA DE LA RIBA ALLENDE  - DURANGO:

“Behargintzan aipatutako berba bat gakoa da enpresa bat sortzeko: sinergia” 

Jesus Maria de la Riba AllendeErrotulazio eta irudi digitala, eta zerbitzu grafikoak eskaintzen dituzte Jazz Rotulación enpresan. Logotipoak eta markak sortzen dituzte bezeroaren ideiatik abiatuta, eta bezeroek gura duten euskarrira egokitzen dute. Durangoko Azokako babesleen publizitateak jartzen ekin zioten bideari 2014ko abenduan. Enpresa berria Jazz Solutions enpresan integratua dago, zerbitzu eskaintza zabalago bat emateko.

Bankuen aldetik, zailtasun handiak ikusten dituzte. “Zaila da kapital gabe enpresa bat martxan jartzea”. Jesus Maria de la Ribak gogoratu duenez, “Behargintzan berba bat aipatu zidaten, eta berba hori gakoa izan da negozioa martxan jartzeko: sinergia”. Sinergiak bilatzea izan da helburua. Eta orain zerbitzu zabal horiek ezagutaraztea dute erronka. Ateak jotzea dela hurrengo pausoa dio de la Ribak: “Batzuetan ateak zabaltzen dira, eta beste batzuetan ez, baina ahalegintzen jarraitu behar dugu”.

 

ISABEL CASTRO URANGA  -  DURANGO:

“Enpresan daukagun guztia gure ahaleginari esker izan da” 

Isabel Castro UrangaKirol osagarriak saltzen dituzte Fitness Nutrition Durango dendan. Isabel Castro enpresariaren arabera, orain arte inguruan egon ez den zerbitzu bat eskaini, eta aurrera ateratzea da helburua. Negozio bat zabaltzea inbertsio handia dela eta lan handia egin beharra dagoela onartu du. Oztopo handiak beharrean, egunerokotasunean sortzen diren zailtasunak gainditu behar direla gaineratu du. Momentuz, 2014ko otsailean zabaldutako denda bultzatzea dute helburu. Enpresa haztea gurako lukete, baina oraingoz proiektu honetan dabiltza buru-belarri.

Enpresa martxan jartzerakoan, bankuen aldetik babes gutxi jaso izana kritikatu du. “Bankuek malguagoak izan beharko lukete”. Castrok dioenez, “daukagun guztia gure ahaleginari esker izan da”. Gainera, Durangaldeko Behargintzatik jasotako zerbitzuagaz oso pozik daude Fitness Nutrition Durangon. “Eskerrak eman gura dizkiegu emandako aholkuagatik eta babesarengatik”.

 

ITZIAR CACHO MARDARAS eta M. PAZ ALONSO VILLASUR  -  ELORRIO:

“Proiektuagaz eta momentuagaz asmatzea oso garrantzitsua da” 

Itziar Cacho eta M.Paz AlonsoItziar Cachok eta Pazek garbiketa eta publizitate banaketa enpresa zabaldu dute Elorrion. Itzi&Paz izena jarri diote 2014an martxan jarritako egitasmoari. Uste dute proiektuagaz asmatu dutela eta behar zen momentuan jarri zutela martxan. Gaineratu dutenez, gainditu behar izan duten zailtasun handiena euren lan egoera berria onartzea da: autonomoak direla onartzea. Haztea eta lana sortzea espero duten arren, momentuz ez dute beste proiekturik esku artean. Enpresa martxan jartzerakoan, faltan bota dute laguntza ekonomikoa “hainbeste traba eta filtro jarri gabe” jaso ezin izana. Behargintzaren zerbitzuagaz “pozik” daude. Eskerrak eman dizkiote Behargintzari eskainitako aholkularitzarengatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!