Behargintzako garapen agentziak 69 enpresa sortzen lagundu du 2014an

Anboto 2015ko ots. 27a, 09:00

Ekintzaile bati, egitasmo bat aurrera eramateko ideia duen momentuan, hainbat zalantza datozkio burura.  Durangaldeko Amankomunazgoaren Behargintza zerbitzuak zalantza horiek argitzen laguntzen die enpresei, proiektua martxan jarri ahal izateko. Besteak beste, zerbitzu horrek lantzen ditu hartu beharreko forma juridikoa, eratzeko lege tramiteak, finantzaketarako dauden bideak, enpresa sortzeagatik eta jarduera horri bideratuta dauden diru-laguntzak, eta enpresa kudeatzeko prestakuntza.


Iaz, Amankomunazgoko garapen agentziak bultzatzen duen enpresak sortzeko zerbitzuak 183 pertsonari eskaini zien aholkularitza. Horietatik 92 gizonak izan ziren eta 91 emakumeak. Datuak genero ikuspegitik aztertuz gero, gizon eta emakume ekintzaileen kopurua oso parekoa da Durangaldean. Prozesu horren ondoren, 2014an Behargintzak 69 negozio abian jartzeko laguntza eman zuen.

Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak azaldu duenez, “urterik urte hobetzen ditugu emaitzak, eskaintzen ditugun aholkularitza eta formakuntza eraginkorrak direla esan dezakegu.  Baina gehien animatzen gaituena ekintzaileen apustua da, Durangaldean zer egin badagoela esan dezakegulako”.

Lanpostuak sortzen
Aholkularitza jaso duten negozioetan, 91 lanpostu sortu dira. Orain bi urteko datuekin alderatuz gero, 2013an 197 pertsonari eskaini zieten aholkularitza eta 65 negozio sortu ziren. Beraz, negozioen sorrerak gora egin du azken urtean.

Behargintzaren zerbitzua eskualdeko edozein pertsonak kontsultatu dezakeen arren, jatorriari dagokionez, durangarrak izan ziren zerbitzua gehien erabili zutenak. Ekintzaileen %39 Durangokoak izan ziren, eta, guztira, herri horretako 71 lagun hurreratu ziren (37 gizon eta 34 emakume). Beste herri batzuetako sustatzaileek ere parte hartu dute Amankomunazgoaren zerbitzuan: Abadiñoko 30 sustatzaile (hamasei gizon eta hamalau emakume), Elorrioko hemezortzi sustatzaile (sei gizon eta hamabi emakume), Iurretako zortzi sustatzaile (lau gizon eta lau emakume), Zaldibarko zortzi sustatzaile (lau gizon eta lau emakume), Atxondoko lau sustatzaile (bi gizon eta bi emakume) eta Mañariko bat (gizonezkoa). Gainerako sustatzaileak Amankomunazgoko zerbitzuan parte hartzen ez duten herrietatik eta Durangaldetik kanpoko herrietatik joan ziren: Zornotza (bederatzi), Berriz (sei), Ermua (lau) eta Garai (bat).

Sustatzaileen profila
Ekintzaileek ondo dakiten moduan, krisi sasoi honetan bakoitzak bere egitasmoa martxan jartzea izan daiteke lana aurkitzeko beste bide bat. Aholkularitza jaso zuten pertsonen %59 langabezian zegoen. Zerbitzua jaso zutenen %41, aldiz, lanean zebiltzan jarduera bat norbere kontura jartzeko jarraitu beharreko urratsen gaineko interesa adierazi zutenean. Baina zein da  ekintzailearen profila Durangaldean? Adinari dagokionez, pertsona gaztea da, 25-45 urte bitartekoa, Lanbide Heziketako edo goi mailako ikasketak dituena, eta teknologia berriak erabiltzera ohituta dagoena.

Pertsonei zerbitzua ematea
Ekintzaileek martxan jarritako enpresen artean gehien aukeratutako forma juridikoa enpresaburu indibidualarena izan zen. Egitura juridiko hori dute sortutako enpresen %78k. 54 lagunek aukeratu zuten mota horretako enpresa sortzea. Ondasun erkidego (hamaika enpresa), kooperatiba (hiru) eta sozietate mugatu (bat) formak ere aukeratu zituzten. Sektoreei dagokienez, sortutako enpresen %36, hau da, 24 enpresa, pertsonei zerbitzuak eskaintzeko sortu zituzten, bai komertzioetan (hamasei), bai beste enpresa batzuei zerbitzuak emateko (hamabost). Ostalaritza arloan bost negozio zabaldu zituzten, eta industria arloan lau. Garraioan, artean, eskulangintzan eta baso sektorean ere sortu zituzten jarduerak.

Amankomunazgoa 2002.urtean hasi zen zerbitzua eskaintzen. Harrezkero, 1.500 sustatzaile hurbildu dira, 1.400 enpresa proiektugaz, informazioa jasotzera. Egitasmo horietatik 472k egin dute aurrera. Sortutako enpresa horien artean gorakadarik garrantzitsuena pertsonei zerbitzuak emateko enpresetan gertatu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!