23 urtez azpiko taldea sortu du Duranguesa txirrindulari elkarteak

Anboto 2015ko ots. 26a, 15:30
Markel de la Fuente, Gartzen Elejabarrieta eta Jon Munitxa, talde berriko elastikoagaz.

Duranguesa txirrindulari elkarteak mutilen 23 urtez azpiko Eiser-Inforlur talde berria sortu du. Adin tarte horri bideratutako talde eskasiaren aurrean, elkarteko txirrindulariei lehiatzeko aukera eskaintzea du helburu. Taldea osatzen duten hiru txirrindulariek zapatuan debutatutako dute, Zumaian.

Talde berriagaz, Durangaldeko txirrindulariei, umetan hasi eta 23 urte egin arte, ‘etxean’ ahalbidetuko diete formakuntza eta txapelketa ofizialetan lehiatzeko aukera. Iazko abenduan 7-14 urte arteko txirrindularitza eskola sortu zuten Durango, Elorrio, Iurreta eta Abadiñoko txirrindularitza elkarteek. Proiektu bateratu hori pausu garrantzitsua izan zen txirrindularitzarekiko zaletasuna umetatik sustatzeko. Ondoren, gaztetxo horiek Elorrioko Gaursa-Renault kadete mailako taldera salto egin dezakete. Gazte mailarako pausua Duranguesako Beste Alde-La Tostadora  taldeak ahalbidetzen du. Orain, gazte horiei 23 urtera arte lehiatzeko atea ireki diete Eiser-Inforlur taldeagaz. Duranguesak elkarteko egitura aprobetxatuko du talde berriari tokia egiteko. Eiser eta Inforlur enpresak, batez ere, jantzien kargu egingo dira.

Hiru txirrindulari
Aurten Beste Alde-La Tostadora taldean bigarren urtekoak diren hainbat txirrindulari dituzte eta datorren urtean horiek 23 urtez azpikora batzea da asmoa, apurka, proiektu berria sendotzen joateko. Bitartean, hiru txirrindularigaz aurre egingo diote lehen denboraldiari. Hirurak harrobikoak dira. Markel de la Fuente (Elorrio, 19 urte) desagertu egin den Sopelako taldetik dator; Jon Munitxa (Abadiño, 18 urte) errepidean eta ziklo-krosan, bietan, aritu izan da; iaz Abadiñoko ziklo kros proban 23 urtez azpiko onena izan zen; Azkenik, Gartzen  Elejabarrieta (Abadiño, 18 urte) eskalatzaile petoa da eta iaz, Beste Alde taldeagaz, Zornotzako Udaberri saria irabazi zuen gazte mailan.

Unai Uribarri mañariarra izango da taldeko zuzendaria. Euskaltel-Euskadi taldeagaz profesional izana da, orain urte bi batu zen Duranguesa txirrindulari elkartera eta bere esperientzia baliatu gura dute gazteei erakusteko.

Eiser-Inforlur taldeak zapatuan debutatuko du Zumaian, Euskaldun Torneoko lehen lasterketan. Torneo horretako lasterketa denak lehiatuko dituzte. Horrez gainera, Belgika eta Frantziako lasterketa batzutan parte hartzeko asmoa dute.

 

Gaurko omenduak:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!