Landakoko igerilekuetako aferari buruz, LABek: "Udalagaz eta Dendak Bai-gaz izandako batzarrek ez dute ezertarako balio izan"

Anboto 2015ko ots. 24a, 13:53

LAB sindikatuak oharra bidali du udalagaz eta Dendak Baigaz izandako batzarrak baloratzeko: "Irudipena dugu inork ez duela bere gain hartuko lanpostuen galera eta sortu den egoera". Eguen eguerdian elkarretaratzea egingo dute igerilekuko tabernako langileek, udaletxe aurrean.

"Ematen du ez batak ez besteak ez dakitela ezer". Horrela baloratu ditu LAB sindikatuak, Dendak Bai-gaz eta Durangoko Udalagaz izandako batzarrak. Igerilekuen taberna kudeatzen zuen Dendak Bai Gizarte Zerbitzuak S.L. zordunen konkurtso egoeran dagoenetik informaziorik jaso ez dutela esan du sindikatuak. Ohar bidez azaldu dutenez, "Dendak Bai-n diote eurek ezin dutela ezer egin" eta udalaren batzarrean "berba onak baino ez dizkigute eskaini".

Lanpostu horiek azpikontratatu beharrean kontratu zuzenagaz kudeatzeko eskatu du LAB sindikatuak, baina udalak martxoan dauka asmoa tabernaren esleipen konkurtsoa kaleratzeko. LABek, langileak berhartzea eskatu du "benetako prozesu publiko bat martxan ipini arte".

Igerilekuetako tabernako langileek kontzentrazioa egingo dute Durangoko udaletxe aurrean, eguenean 12:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!