Laureano Lara eta Jimi Rojas: "Ez da erakustaldi borroka izango, benetako borroka baizik"

Anboto 2015ko ots. 21a, 10:00
Jimi Rojas eta Laureano Lara

Borrokarako batuko dira gaur, zapatua, Laureano Lara eta Jimi Rojas borrokalariak. 22:00etan ipini dute hitzordua, Ezkurdiko Jai Alai piolotalekuan. Bi borrokalarientzako azkeneko borroka ofiziala izango da gaurkoa. Biak kickboxing entrenatzaileak dira, eta borroka aukera ezin hobea dela esan dute.


Bata bestearen kontra borrokatzea proposatu zizuetenean zerk animatu zintuzten baiezkoa ematera?
Laureano Lara: Guk egiten duguna egin ahal dutenei ateak zabaltzeko aukera oso ona delako esan nion baietz. Azken finean, guk biok kickboxing eskolak ematen ditugu astero, eta, geuk ez badugu hau egiten, ez dugu jendea bultzatzen gauza bera egitera.

Denbora dezente daramazue modu ofizialean borrokatu gabe. Gogorra da txapelketa mailako entrenamenduetara bueltatzea?
L.L.: Bai, nahiko gogorra da. Fisikoki ez gaude txarto, baina ez ring batera edo kaiola batera sartzeko moduan, eta, beraz, bai, entrenamenduak nahiko gogorrak izaten dabiltza.
Jimi Rojas: Horretaz gainera, dagoeneko 50 urte inguru ditugu, eta ez 30: nik 49 eta berak 51. Normala den bezala, nik 30 urtegaz egiten nituen gauzak orain ezin ditut inondik inora egin. Mugak dauzkat alde horretatik. Esperientzia gehiago dut, baina mugak hor daude.

Zelako entrenamenduekin zabiltzate prestatzen?
L.L.: Entrenamendu normalak egiten nabil: zakua erabiltzen dut, korrika pixka bat egiten dut eta, fisikoki ondo jartzeko, sparring baten laguntza daukat.
J.R: Nik ere Laureanoren antzeko entrenamendua egiten dut, aldaketa bategaz. Belaunean arazoak ditut, eta hori dela-eta ezin dut korrika egitera irten. Korrika egin beharrean, bizikleta eta igeriketa egiten ditut sasoia hartzeko.

Aspaldiko lagunak zarete eta inoiz ez duzue elkarren aurka modu ofizialean borrokatu. Zelan prestatu duzue borroka?
L.L.: Ni psikologikoki prestatuta nago. Laguna da, eta Jimi eta nire artean arau batzuk izango ditugu batak bestea gogor ez jipoitzeko. Baina borrokaldian kontaktua egongo da, noski, eta bertaratzen direnentzako borroka polit bat eskaintzeko asmoa dugu.
J.R.: Gauza bera pentsatzen dut. Beste bat izango balitz, segur aski gogorrago joko nuke, eta borroka gogorragoa izango litzateke.
L.L.: Borroka polita izan dadilanahi dugu, ikuskizuna ematera joango gara.

Askok diote ez duzuela serio hartuko borroka, lagunak zaretelako. Bukatu hurrengo esaldia: “Ezetz knockoutik egon 100 euro jokatuko banitu...”
L.L.: Ez dakigu zer gertatuko litzatekeen.
J.R.: Horrelako borroka batean golpe txar batek borroka bukatzea eragin dezake.

Zuen bion arteko borrokak ikusmin handia sortu du. Giro handia egongo da pilotalekuan. Ikuskizun on bat ematearen ardura daukazue ala motibazio estra bat da hori?
L.L: Bietatik apur bat. Batik bat ez ditugulako 20 urte; adin horretan beste modu batera hartzen dituzu gauzak.
J.R: Gure azken borroka ofiziala izango da. Nik nahiko nuke azken borroka hau jendeak gogoan izatea urte batzuk barru ere.

Borroka aurreko egun hauetan, lehiatzen ibiltzen zineten garaiko irudiak etorri zaizkizue burura?
L.L: Bai, horrela da. Niri, ring batera sartuko naizela pentsatzean, lehengo irudiak etortzen zaizkit burura. Horretaz gainera, geroz eta gogotsuago nago borroka egunerako.
J.M.: Niri ere bai, lehenengo ostikoa ematen erakutsi zidana Laureano bera izan zelako.
L.L.: Eta orain berak emango dit ostikoa. Lagun asko harritu egiten dira gogotsu nagoela esaten diedanean. Galdetzen didate ea zelan gustatu ahal zaidan golpeak hartzea, eta nik esaten diet ez dela golpeak hartzea bakarrik. Golpeak hartu bai, baina eman ere egiten dituzu. Zaila da azaltzea, barruan eraman behar den gauza bat da.
J.R.: Entrenamendu askotan golpe oso latzak eman eta jaso ditugu, eta ez zaigu ezer gertatu, hementxe gaude.

Biak ala biak borroka arteetako erreferente zarete. Laureano, zelan azalduko zenuke Jimi Rojas zer den eta zer izan den borroka arteen munduan.
Jimi, ring baten barruan, pertsona oso gogorra dela uste dut. Oso diziplinatua da, eta, gainera, lagun oso ona eta ikasle ona. Adiskide, lagun eta artista martzial ona dela uste dut.

Eta, Jimi, zuk zer esango zenuke Laureano Lararen inguruan?
Bera izan zen lehenengo ostikoa ematen irakatsi zidana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!