Hamabi ikasle berri goi mailako estanpazio ikastarorako

Anboto 2015ko urt. 23a, 09:56

Durangaldeko Lehiakortasun Poloak (IK4-Azterlan, Durangaldeko Enpresen Elkartea eta Amankomunazgoa) estanpazio ikastaroaren bigarren edizioa antolatu du.

Iaz hasitako bideari eutsi eta bigarrenez egingo dute aurten goi mailako estanpazio ikastaroa. Hamabi ikaslek parte hartuko dute, eta sektoreko adituak izango dira euren irakasle. 400 ordu teoriko jasoko dituzte, beste 400 teoriko-praktiko, eta enpresetan proiektuak garatzeko 200 ordu edukiko dituzte. Egitasmoa Lanbideren finantzazioari esker da posible.

Lehiakortasun Poloko kideek formazio falta zegoela ikusi zuten iaz estanpazio sektorearen inguruan egindako hausnarketan. Hori izan zen ikastaroaren sorburua. Beraz, langabeziari aurre egiteaz gainera, eskualdeko ekonomia indartzeko apustua ere bada ikastaroa. IK-4 Azterlaneko Julian Izagaren arabera, Durangaldeko industria arloan sektore garrantzitsuena da estanpazioarena, eragin ekonomiko handiena daukana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!