Urte berrirako promesari heldu, eta kirola egitera animatuta

Anboto 2015ko urt. 23a, 09:00
Durangoko Kirol Errota gimnasioan, ciclo indoor saio batean.

Durangoko Landakon %9ko igoera zenbatu dute jarduera bideratuetan. Durangaldeko beste kiroldegi eta gimnasioetan, antzera. Ez da mito bat. Urte berrirako promesari heldu, eta kirola egitera animatu dira hainbat lagun. Bizimodu osasungarria egitea, Gabonetako otordu oparoetako kiloak kentzea... Hainbat dira erabakia hartzeko arrazoiak.


Spinninga, igeriketa, korrika... Jarduera ugari praktikatzeko asmoz izena eman dute askok kiroldegi eta gimnasioetan. Durangoko Landako II instalazioetan –igerilekuak eta kiroldegia– ehunka lagun mugitzen da egunero. Urte hasiera honetan, beste hilabeteekin alderatuz gero, kiroldegiko arduradunek %9ko igoera zenbatu dute jarduera bideratuetan; hau da, spinning, aquabike, aquagym, zumba eta antzeko ekintza zehatzetan. Zornotzako kiroldegian, ostera, 150 lagunek hartu dute dagoeneko hamar saiotarako balio duen bonua. Iazko apirileko datuekin alderatuz gero, igoera ikusi daiteke; 105 izan dira izena eman dutenak. Elorrioko kiroldegian ere, urtarrilean, urtero igartzen ei da jende gehiago, beharginek azaldu dutenez. Igerilekuak eta gimnasioa batzen dituen bonu integratuak dauka arrakasta gehien.

Gimnasioetan ere gora
Kiroldegietan baino jende gutxiago ibiltzen da gimnasioetan, baina urte berriko inskripzzioen igoera ere antzematen dute. Durangoko Kirol Errota gimnasioan igarri dute urte berriko gorakada, eta erabiltzaile kopurua kontuan hartzen bada, %10ekoa izan da igoera, gutxi gorabehera. Jon Urkiza arduradunaren arabera, jarduera bideratu edo zehatzek laguntzen dute horretan. Gimnasioaz gainera, ciclo indoor eta fit combat ekintzak dauzkate, adibidez.

Open Klub gimnasioko Ivan Urkizuk adierazi du orain dela sasoi arrakastatsuena: “Urtarrila eta otsaila dira, irailagaz batera, alta gehien izaten diren hilabeteak. Urteko alten %50 batzen dira hiru hileon artean”. Dantza eta fitnessa elkartzen dituen Sh’bam  jarduerak “harritzeko moduko arrakasta” daukala esan du.

Zirkin gimnasioko Alvaro Gonzalezek azaldu du oraintxe egiten dela urteko inskripzioen %30. Iraila ere antzeko sasoia izaten ei da: “Jendeak udan ez du bere burua ondo ikusten, eta zerbait egin behar duela pentsatzen du”. Oihane Unzalu gimnasioko teknikariak esan du abenduan, dagoeneko, urtarrilean izena emateko galdezka joaten zaiela jendea. Gorakada urterokoa dela dio, bai gimnasioan, bai nutrizio saioetan. “Ikusten da kontzientzia badagoela. Baina batzuek utzi egiten dute gero”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!