Hirugarren diskoaren aurkezpen bira betean dabil Shinova taldea

Anboto 2015ko urt. 16a, 13:00
Joshua Froufe eta Dani del Valle musikariak batu dira Shinova taldera.

Estatuko musikarien AIE elkarteak antolatzen duen Artistas en Ruta programan parte hartzeko hautatua izan da Shinova. Aurkeztu diren talde guztien artetik epaimahai batek aukeratu dituen hemezortzi taldeen artean dagoenez, ekimen horren barruan lau kontzertu eskainiko dituzte.

Iazko urri amaieran kaleratu zuen Ana y el artista temerario diskoaren aurkezpen biran buru-belarri dihardu Shinova boskoteak. Joan zen asteburuan, Valentzian eta Madrilen eskaini zituzten taldearen hirugarren diskoko kantak. Ander Cabello taldeko baxu-jotzaileak adierazi du harrituta daudela jendeak kontzertu horietan egin dien harreragaz: “Ikusi dugu jendeak kantak ezagutzen dituela. Oso sentsazio ona utzi digute orain arteko kontzertuek”. 

Estatuko musikarien AIE elkarteak antolatzen duen Artistas en Ruta programan parte hartzeko hautatua izan da Shinova taldea: talde gazteen zuzeneko emanaldiak bultzatzeko antolaturiko ekimena da. Estatuko taldeek proiektuak aurkezten dituzte, hiruhileko programazio baten barruan hainbat aretotan kontzertuak eskaintzeko. Aurkeztu diren talde guztien artetik epaimahai batek aukeratu dituen hemezortzi taldeen artean dagoenez, ekimen horren barruan lau kontzertu eskainiko ditu Shinovak datozen hilabeteetan. Shinovagaz batera, Kepa Junkera eta John Berkhout taldea dira programazio horretarako hautatu dituzten EAEko beste talde biak.

Latidos eta La Ceremonia de la Confusión lanetarako landu zituztenak baino doinu lasaiagoak sortu dituzte Ana y el artista temerario diskorako. Iaztik, hasieran jorratzen zituzten “doinu gogorretatik” aldenduta dabiltza. Izan ere, 2014 hasieran aldaketak gertatu ziren Shinovan. Hiru kidek taldea utzi zuten, eta beste musikari bi batu zitzaizkien Gabriel de la Rosa, Ander Cabello eta Erlantz Prietori, boskotea osatzeko: Joshua Froufe bateria-jotzaile berriztarra eta Dani del Valle gitarrista durangarra.

Martxoaren 21ean aurkeztuko dituzte Ana y el artista temerario diskoko kantak, Durangoko Plateruenean, eta besteak beste, Donostiara, Cadizera eta Madrilera ere ailegatuko da Temerario Tour 2015. Asteburu honetan Coruñan eta Vigon jotzekoak ziren, baina taldeak atzo gauean sare sozialetan jakitera eman zuenez, abeslaria gaixorik dagoelako, bertan behera utzi behar izan dituzte asteburu honetako emanaldi biak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!