Pala: nesken artean indarra hartzen dabilen kirola

Anboto 2015ko urt. 16a, 11:22

Oraindik asko falta da kirolean berdintasuna lortu, eta emakumeek gizonek besteko eragina edukitzeko. Gizonak dira kiroletako izarrak, eta emakumeak bigarren maila batean sailkatzen dituzte ia beti. Baina gero eta gehiago dira kirola praktikatzen duten neska gazteak. Futbola kenduz gero, gainerako kiroletan neskak dira gehiengoa; saskibaloian gertatzen da hori, adibidez. Bada, pala da indarra hartzen dabilen beste kirol bat.

Pilotalekurik pilotaleku taldeak osatzen dabiltza, eta federazioak talde gehiago sortzeko ahalegina egin gura du gainera. Izan ere, esku pilotan badabiltza zenbait neska, baina lehiaketa mistoa haur kategoriara arte bakarrik dago. Beraz, pilotan jarraitu gura dutenentzat alternatiba ere bada pala.

Mallabia da indar horren kasu argienetako bat. Itsaso Pradera palista da entrenatzailea, eta 22 neskato dauzka bere kargu. Gazteenak 7 urte ditu, eta nagusienak 18 egingo ditu aurten. Eskolara joan zen nesken pala taldea osatzeko proposamenagaz, eta LHko 1. mailatik 6.era bitarteko ia neska guztiek izena eman zuten hasieran. Horren arrazoiaz berba egin du: “Mallabian ez dago kirola egiteko aukera handirik”. Denbora pasa ahala kopurua gutxitzen joan da, baina 22 badira oraindik. “Helburuak bi dira: ondo pasatzea eta kirol apur bat egitea. Nik uste dut gustura etortzen direla”, adierazi du Praderak.

Bizkaiko txapeldunak
Elorrion ere neska talde handia daukate. Jose Angel Sagasta arduradunak azaldu du 23 dabiltzala jokatzen, eta horietatik hamalauk federazioko txapelketan parte hartzen dutela. Iaz sortu zuten taldea, esku pilotan zebiltzan neska batzuei beste aukera bat emateko helburuz. Munitibarrera (Bizkaia) joan ziren bultzatzaileak, hango pala eskolak indarra daukalako, eta hango eredutik ikasteko. Seigaz hasi zuten ibilbidea, eta aurten taldea handitu dute. Herriko eskolak batzen dituen kirol taldeak eragina izan du horretan. Ondo pasatzeaz gainera, lehian ere gogorrak dira elorriarrak, iaz Bizkaiko txapeldun geratu ziren eta.

Elorrion legez, Iurretan ere esku pilotan zebiltzanei beste aukera bat eman gura izan zieten. 13 eta 16 urte arteko sei neska daude palan jokatzen, eta eguenetan entrenatzen dute. Laster berriro ere herri ikastetxean palara batzeko gonbidapena egingo dutela azaldu du Valen Calleja klubeko ordezkariak.

Berrizen, helduagoak
Berrizen badauka berezitasun bat osatu den emakumeen pala taldeak. Ume edo gaztetxoez gainera, emakume helduagoek ere parte hartzen dute. Iluntzeetan herriko emakumeek palan egiteko erreserbatuta dago pilotalekua, eta launaka jokatzen dute, txandaka. Guztira, hogei bat palista ibiltzen dira pilotalekuan; gazteenak 22 urte dauzka, eta helduenak 53. Jaietan topaketak egin izan dituzte, gainera. Bestalde, eskola kirolean sei neska dabiltza, eta horietatik lauk txapelketetan parte hartzen dute, Mikel Laskurain entrenatzailearen arabera.

Durangon, hasi guran
Durangon ez dago momentuz neska palistarik. Duela urte bi hasi ziren taldea osatu nahian, baina aurten hartu dute benetan taldea osatzeko eginkizuna, Txaber Zabala arduradunak esan duenez. Ikastetxeetan saioak egiten dabiltza, eta topaketak ere antolatu dituzte. Zabalak dio Durangon gaitza dela, kirolerako aukera asko dagoelako, baina ez du esperantza galdu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!