Domekan Bizkaiko kros txapelketa Berrizen Iraia Garcia eta David Garcia faborito direla

Anboto 2015ko urt. 13a, 16:45
Durangaldea Running talde berriko familia argazkia.

Domekan Bizkaiko 91. Kros Txapelketa jokatuko dute Berrizen. Elite mailan durangaldeko korrikalariak dira faborito; emakumeetan Iraia Garcia Zornotzarrak (Santutxu A.T.) azken urte bietan irabazitako txapela berritzea izango du helburu; laugarren txapela luke 2009an ere irabazi zuelako. David Garcia durangarrak (Durangaldea Running) 2011n eta 2013an jantzi zuen txapela. Iaz ezin izan zuen parte hartu lesio baten ondorioz, baina aurten irteera puntuan egongo da berriro irabazteko helburuagaz. Aurtengo denboraldian bizkaitar onenak izan dira bata zein bestea Usansola, Laudio eta Zornotzako krosetan.

Berrizburu inguruan zirkuitu bi antolatu dituzte; kilometro bat eta kilometro eta erdiko bana. Lehenengo lasterketa 10:00etan hasiko da nesken kadete mailan. Jubenil eta junior mailako lasterketen ostean, 12:15ean emakumeen promesa eta eliteko lasterketa hasiko da (5,5 km) eta 13:00etan gizonena (9,5 km). Lokatzik ezean zirkuitu laburra eramangarria da; luzea, aldiz, baso bideetatik sartzen da eta  gorabeheratsua da.

Durangaldea Running
Domekako txapelketa Durangaldea Running taldeak antolatuko du. Bere ibilbidea aurtengo kros denboraldiagaz hasi duen talde berria da Durangaldea Running eta David Garcia da presidentea. Durango Kirol Taldetik irten eta talde berria sortzea erabaki du durangarrak.

Talde berria zatiketa baten zatiketa da. Lehenengo, Bidezabalen zebiltzan lagun batzuk atletismo talde horretatik irten ziren eta Durango Kirol Taldea sortu zuten; euren ustez Bidezabalen Durangaldez kanpoko atleta gehiegi zebiltzan eta nortasun herrikoiagoa zuen taldea gura zuten. Orain, emaitzei lehentasuna emanda, Durango Kirol Taldeari gauza bera gertatzen ari ziola uste dute, eta horregatik sortu dute talde berria: “Nire ustez Durangaldeko talde batek eskualdeko jendearentzat behar du. Gure oinarria hori izatea nahi dugu, emaitzak bigarren maila batean utzita. Lasterketa batera joan eta taldekide denak ezagutzea eta talde moduan gozatzea da bilatzen duguna”, azaldu du David Garciak.

Gaur egun 10 korrikalari dabiltza, tartean hainbat gazte. Esaterako, Txomin Marañon durangarrak Laudioko krosa irabazi du promesen mailan eta Ander Hilera durangarrak Bizkaiko bosgarrena izan zen bere mailan Zornotzako krosean.

 Berrizerako diseinatu dituzten zirkuituak:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!