BZK taldea estreinako urteari aurre egiteko prest

Anboto 2015ko urt. 10a, 10:00
BZK taldeko txirrindulariak eta arduradunak aurkezpen ekitaldian. Argazkia: Iñigo Garatu.

BZK taldeko txirrindulariek eta arduradunek Iurretako udaletxean egin zuten taldearen aurkezpen ofiziala, abenduaren 30ean. Bertan izan ziren taldea osatuko duten txirrindulariak eta Eneritz Iturriaga zuzendari abadiñarra, besteak beste. Aurkezpenak ikusmin handia eragin zuen, eta udalbatzar aretoa lepo zegoen.


Hauek dira BZKren elastikoa errepidean defendatuko duten bederatzi txirrindulariak: Mar Bonnin, Naia Alzola, Eider Unanue, Aiala Amesti, Ziortza Isasi, Nahia Domínguez, Olatz Agorria, Gloria Rodríguez eta María San José. “Maila duina eskaintzea eta lanak ematea” dira lehen urteko helburuak BZK taldeko Agus Ruizen esanetan: “Eta lasterketak irabazten baditugu, are hobeto. Anbizio handiko txirrindulariak ditugu, eta dena emango dute”. Euskal taldeen artean Lointek eta Bizkaia-Durangok osatzen zuten “monopolioa haustea” ere izan da taldea sortzeko arrazoietako bat, Ruizen hitzetan.

Herbehereetako Itzulia, Marianne Vos klasikoa eta Emakumeen Bira dira aurtengo egutegia osatzen duten lasterketetako batzuk: “Lasterketa guztiak ez dira lehen-lehen mailakoak, baina guztietan hartuko dute maila handiko taldeek parte, eta erronka handiak izango dira guretzat”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!