Emakumeen derbia berreskuratuko dute Sasikoak eta Buskantzak

Anboto 2015ko urt. 10a, 10:00

Bost urteko parentesiaren ostean, areto futbolak Durangaldeko talde biren arteko derbia berreskuratuko du gaur, zapatua, 15:45ean, Landako kiroldegian. Sasikoa eta Elorrioko Buskantza izango dira aurrez aurre. Elorrioko Buskantzak aurten sortu du emakumeen taldea.


Orain bost urte Durangoko Kulturala eta Kurutziaga, ordura arteko emakumeen talde biak, desagertu egin ziren. Orain, areto futbolak Durangaldean dituen bi klub indartsuenei esker, bueltan da berriro derbia. Sasikoak orain lau urte sortu zuen emakumeen taldea, eta Elorrioko Buskantzak aurtengoa du lehen denboraldia.

Sasikoak esperientzia handiko jokalariak ditu, eta talde egina da. Iaz legez, aurten ere sailkapeneko goialdean dabil, lidergotik hiru puntura. Mailako bigarren talderik goleatzaileena ere bada 63 golekin. Elorrioko Buskantza, aldiz, talde gaztea da, eta, batez ere, 18 eta 23 urte arteko jokalariek osatzen dute. Orain arte 25 gol sartu ditu, Sasikoak baino 38 gutxiago. Testuinguru horretan Sasikoa derbia irabazteko faborito argia da.

Iaz areto futbola utzi zuen Iñigo Astarloak hartu du Elorrioko Buskantza taldearen gidaritza. “Pozik” dabilela dio, jokalarien aldetik “ikasteko gogoa” ikusten duelako. Derbiari begira, “baloiaren jabetza izatea gustatuko litzaiguke, baina aurkariaren maila ikusita, atzean gogor eusten eta kontraerasoan irteten saiatuko gara”. Sara Hawari, Sasikoako jokalari eta kapitaina, ez da fidatzen: “Nire ustez, aurrera egingo dute, eta partiduaren bila irtengo dira. Gazteak dira, eta korrika asko egiten dute. Gainera, gu baino jokalari gehiago dituzte. Gogor lan egin beharko dugu: faborito izateak bakarrik ez du garaipenik ematen”. Talde biek dituzte jokalari gazte eta dohatsuak. Horren erakusgarri da joan zen asteburuan autonomien arteko 21 urtez azpiko Espainiako Txapelketan Euskal selekzioaren elastikoa defendatu zutela Elorrioko Maialen Bernasek eta Ibone Simonek, eta Sasikoako Oihane Larrinagak.

Sasikoak aurten liga irabaztea eta Bilboren hegemonia haustea “ikaragarria” litzatekeela dio Hawarik, eta bide horretan epaileek eraginik ez izatea espero du: “Epaile hasiberri guztiak gure ligara datoz. Ez dute esperientziarik, eta batzuetan zerikusi handia izaten dute azken emaitzan. Federazioari kexa bidali diogun arren, ez digu kasurik egin”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!