Agirre eta Gorrotxategi binaka eta Laso lau t’erdian, Olazar txapelketako finalera

Anboto 2014ko abe. 19a, 12:27

Atzoko finalerdien ostean, erabakita daude abenduaren 31erako finalista denak.

Abenduaren 31n, 16:30etik aurrera jokatuko diren Zaldibarko Olazar Pilota Txapelketako finalak erabakita daude. Binaka Santxok eta Erasunek Agirreren eta Gorrotxategiren kontra jokatuko dute; lau t’erdian Laso eta Elizalde neurtuko dira.

Atzoko finalerdian Agirrek eta Gorrotxategik  22-14 menderatu zituzten Errandonea eta Irusta. Gorrotxategik eskuko minaren ondorioz jokatzerik izan ez zuen Diez ordezkatu zuen. Ondo hasi ziren Errandonea eta Irusta, baina partiduak aurrera egin ahala Agirrek asko asmatu zuen aurrean eta Gorrotxategi seguru ibili zen atzean.

Lau t’erdian Lasok 22-10 irabazi zion Bakaikoari. Txapelketako partidurik onenetakoa jokatu zuten eta markagailuak adierazten duena baino borroka handiagoa izan zen kantxan. Lasok abiadura handian mugitu zuen pilota eta tantoa amaitzerakoan asmatu egin zuen. Bakaikoa ondo aritu zen defentsan, baina hori ez zen nahikoa izan finalera sailkatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!