Amankomunazgoko langileek protesta egin zuten atzoko udalbatzarrean

Anboto 2014ko abe. 19a, 10:32

Amankomunazgoko hainbat langilek Balorazio Komitean erabakitako akordioak gauzatzeko eskatu dute.

Durangaldeko Amankomunazgoko hamabi bat langile udalbatzarrera sartu ziren atzo eta aretoko atzealdean ipini ziren. Langile horien esanetan departamendu guztietako ordezkariak zeuden. Protesta isila izan zen eta eskuartean zituzten orrietan idatzitako mezuak erakutsi zituzten udalbatzarrak iraun zuen 15 minutuetan.

Ohar batean protestarako euren arrazoiak azaltzen dituzte: “Kargu politikoei, errespetu osoz, Balorazio Komitean erabakitako akordioak aurrera eramatea eskatzen diegu; lortutako akordioekiko erantzukizuna eskatzen dugu, akordio horiek udalbatzarrean onartuz”. Gogoratu dutenez, “Amankomunazgoko udalerriak diren Durango, Elorrio, Zaldibar eta Atxondon hartutako erabakiak exekutatu dira eta horretarako asmoa dago Iurretan eta Mañarian ere”. Euren kasuan, aldiz, urtebeteko negoziazioen ostean, “zailtasunak sortu dira azken unean eta horiek politikoki konponduak izan behar direla uste dugu, beste udalerri batzuetan gertatu den moduan”. Amankomunazgoaren barruan dauden beste udalerri batzuetan akordioetara heldu diren moduan, "Amankomunazgoan zergatik ez?" jartzen zuten udalbatzarrean erakutsiko kartel batzuek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!