Teknologien erabilera, nerabeen arteko 'droga' berria

Anboto 2014ko abe. 19a, 09:35
10 eta 20 urte arteko 1.773 ikaslek parte hartu dute Amankomunazgoak eginiko azterketan. Argazkia: Lehior Elorriaga.

Konektatuta gaude. Teknologia berriak etorri zirenetik, eta, batez ere, mugikorrean Internet daukagunetik, mundu zabalagaz konektatuta bizi gara une oro. Harremanak, jolasak, apustuak... jarduera ugari egin ahal dira mugikorretatik. Pauso horrek abantaila ugari dakartza, baina bizi ohituretan aldaketak ere eragin ditu.

Ez al dakar teknologiaren menpeko izateko arriskua? Galdera hori egin dute Amankomunazgoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzukoek, eta nerabeen artean kokatu dute euren kezka nagusia. Nerabeek daukaten erabileraz inkesta bat landu dute lehenengoz ikastetxeetan, eta, datuak ezagutu ostean, droga berriaren erabilera egokia lortzea helburu duen programa bat diseinatuko dute.

%84,8k

txata (Whatsapp eta Telegram aplikazioak, adibidez)
erabiltzen du, eta %78k egunero

10 eta 20 urte arteko 1.773 ikaslek parte hartu dute Amankomunazgoak eginiko azterketan, eta argi ikusten da txikitatik mugikorra darabiltela gehienek. %84,8k txata (Whatsapp eta Telegram aplikazioak, adibidez) erabiltzen du: %78k egunero. 10 urtekoen artean, %67k noizbait erabili izan du. Ikasleen %60 egunero ibiltzen da sare sozialetan (Facebook eta Twitter, esaterako), eta, 10 urtekoen kasuan, heren bat ibiltzen da. Gazteen %74k jolasten du bideo jokoetara.

adikzioen prebentziorako zerbitzuko teknikariak. AmankomunazgoaErabilera egokirantz
Baina zelan garatu erabilera egoki bat? Mugikorragaz denbora larregi ez ibiltzeko gomendioa ematen diete ikasleei, Amaia Sarrionandia teknikariaren arabera. Txikiak direnean argazkirik ez bidaltzea proposatzen dute, eta sare sozialetan argazki eta datu pertsonalik ez publikatzea ere bai. Interneterako konexioagaz edozein webgunetan sartzeko arriskuaz berba egin du Arrate Arana teknikariak: “Kontuz! Niretzat gauza batzuk gogorrak badira, eurentzat...”.

Gainera, nerabeen artean Whatsappak sortu ahal duen krontolaz ere ohartarazi du Aranak: “Whatsappak, gainontzekoek azkenengoz noiz erabili duten jakiteko aukera ematen du, eta horrek kontrol izugarria sortzen du komunikazoan, eta ez gazteen artean bakarrik”. Sarrionandiak dioenez, gazteei azaltzen diete “komunikazioa ez dela berdina txat bidez edo aurrez aurre gaudenean”. Guztiek ez dute txatik –batzuek nahi ere ez–, baina drogen antzera, taldearen presioak asko eragiten du txata ipintzeko erabakian. Horregatik, autoestimuaren eta emozioen gestioa lantzen dituzte ikasleekin.

Edozelan ere, mugikorra tresna ona izan ahal dela uste du Sarrionandiak, eta adierazi du gurasoen eta umeen arteko harremanak sendotzeko balio ahal duela. Gurasoen paperetik berba egin du Idoia Izagirrek: “Beldurrez begiratu beharrean, zergatik ez galdetu? Berak erakutsi ahal badit, interakzioa sortuko da, elkarrekin ikasiko dugu...”. Baina nerabezaroan intimitatea eta kontrola nahasten direla azaldu du Sarrionandiak, eta, bizitzan legez, mugikorrean ere musturra larregi ez sartzeko aholkua eman du: “Nondik dabiltzan jakin behar duzu, baina ezin zara euren bizitza pertsonalean guztiz sartu”.

Heroinaz berbetan
Teknologia berriez gainera, substantziadun drogen inguruko ohiko inkesta ere egin dute teknikariek. Nabarmentzekoa da tabakoa eta alkohola kontsumitzeko adina atzeratu egin dela, eta haxix eta marihuanaren kontsumoa bajatu dela. Ikastetxeetan droga horien inguruan egiten dituzten saioetan heroina ere sartu dute aurten. Izan ere, duela hiruzpalau hamarkada kalte handia eragin zuen droga berragertu da gizartean: “Ikusi dugu heroina berriro agertu dela inguruotan, eta berriro gabiltza gure programetan sartzen. Ikasleen artean ez dago kontsumorik, baina gogoratzen hasi gara”, azaldu du Sarrionandiak.

Gurasoen esku ere bai
Inkesta egiten den lehen aldia izan da, eta Amankomunazgoko teknikariek ez dute alarmarik sortu gura. Erabilera egokirantz joateko plan bat landuko dute, eta, irakasleen eta gurasoen ekarpena ere beharrezko ikusten dute. Adibidez, urteroko Guraso Eskolan ere landuko dute gaia. Esti Urrutxurtu abadiñarra da eskola horretako partaideetako bat, eta begi onez ikusi du ikastaroa: “Guk zenbat eta gehiago jakin, gazteenganako hurbiltasun bat sortuko da”. Whatsapparen kasuan, norbera ere gogaitzen duela uste du, eta batzuetan deskonektatzea beharrezkoa edo “sanoa” dela dio. Baina Urrutxurtuk alde ona ere aitortu dio aplikazioari. “Gure lana da, egoki erabiliz gero, tresna ona dela ulertaraztea, eta gu gara eredu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!