Bego Madariaga, psikologoa: "Ikasleak gehien arduratzen dituena lan elkarrizketa izaten da"

Anboto 2014ko abe. 14a, 10:00

Lana bilatzen jardutea berez da lan bat. Baina, denbora luzez hainbat ate jo eta bat bera ere zabaltzen ez dela ikustean, egoera zaildu egiten da. Lan merkatuan geroago eta hautaketa prozesu luze eta zehatzagoak gainditu behar izaten dira, eta arlo horretan inprobisaziorako ez dago tarterik. Proba horiek gainditzeko erremintak ezagutu eta bakoitzaren buruarengan konfiantza berreskuratzeko lanerako prestakuntza ikastaroa ematen du Bego Madariaga psikologoak Durangoko Behargintzan.


Zein da Amankomunazgoaren eskutik ematen duzun ikastaroaren helburua?
Kolektibo askori zuzendutako ikastaroak ematen ditugu. Kasu honetan epe ertain eta luzeko langabetuei zuzendua dago. Helburu nagusia da zer puntutan dauden aztertzea. Egoera horretara zerk eraman dituen ikustea da asmoa. Autoanalisiaren bidez, baliogarri egiten dituzten eta lan merkatuaren aurrean posizio hobe batean jartzen dituzten konpetentziak bilatzen ditugu. Norberarengandik hasten gara lan elkarrizketei aurre egiten, hori baita gehien arduratzen dituena.

Zer arlo lantzen duzue?
Gaitasun pertsonalak lantzen ditugu. Hau da, lan bat bilatzen hasi aurretik zer egin behar dut? Zelako gogoa izan behar dut? Era berean, komunikazioa lantzen dugu, lan elkarrizketei aurre egiteko. Talde-lana ere garrantzitsua da, elkarren artean kontaktuak egiteko: orain hain ezaguna den networkinga. Esperientzia pertsonalak eta profesionalak partekatzen dituzte, eta hori oso lagungarria da, batzuetan bakarrik sentitzen direlako. Eta hori guztia motibazioagaz lotuta dago. Helburu horiek lortuta ikastaroak arrakasta izango luke. Izan ere, gaur egun lana aurkitzea beste kontu bat da.

Proba hori zelan prestatzen da?
Hautaketa prozesu osoa zertan datzan azaltzen diegu. Oso ohituta gaude kanpotik ikustera. Eskaintza bat ikusten duzu: adibidez, denda baterako arduradun bat behar dela, bi urteko esperientziagaz, formazio jakin bategaz eta Durangon bizi dena. Hori irakurri, eta niri buruz hitz egiten dabiltzala sentitu dezaket. Baina gero ez zaituzte hartzen. Zer gertatu da hor? Saiatzen gara azaltzen prozesua ez dela hain sinplea, eta beste aldean dagoenak ikusten duena eurek ere ikus dezaten ahalegintzen gara. Proba horietarako prestatzen saiatzen gara.

Proba horiek zelan prestatu daitezke?
Curriculum eta aurkezpen gutun egoki bat izatea garrantzitsua da. Orientzazio zerbitzuak badaude, gezurra dirudien arren, geroago eta gehiago prestatu, hobeto. Elkarrizketak eta talde dinamikak prestatzen ditugu.  
Lan hautaketak gero eta espezializatuagoak al dira?
Orain dela urte batzuk ohikoagoa zen lan jakin batzuetan galdera sorta bat egin, eta gero lana eskuratzea. Gaur egun, ostera, proba luzeak egiten dira. Lehengo egunean muturreko kasu bat azaldu nien ikastaroko partaideei. Azafata bat jarri zuten gela txiki batean, eta pertsona bat bat-
batean mahai gainera igo zen. Ez da ohikoa, baina batzuetan gertatu daiteke. Normalean, talde dinamikak, psikoteknikoak, maila probak eta elkarrizketa pertsonalak egiten dira.

Zein arlotan jarduteko egiten dituzte proba horiek?
Lehen errazagoa zen supermerkatu batean sartzea, baina orain denek prozesu hori guztia jarraitzen dute. Okindegien frankiziek orain arte profil komertzial bat eta esperientzia bat edukiz gero, hartu egiten zintuzten. Orain, proba horiek egiten dituzte, bakoitza zelakoa den ezagutzeko. Beraz, bakoitzaren irudi onena ematen saiatzen gara, baina gezurrik esan barik.  

Zuen ikasleek zer profil dute?
Denetarik dago. Lehen, ofizioetan oinarritzen zen profila, baina orain zabaldu egin da. Orain, injineruak eta abokatuak ere etortzen dira, adibidez. Goi mailako titulazioa duen geroago eta jende gehiago etortzen da.

Langabezian dauden pertsonek zer premia izaten dute?
Batez ere, motibazioa behar dute. Egunean hamar curriculum botatzen dituzte epe luzean, eta langabezian jarraitzen dute; horiek bultzada bat behar dute. Gainera, lan elkarrizketetarako prestatuta egon gura dute. Sarritan ez diete deitzen, baina dei hori jasotzen badute, proba hori ondo egiteko pausoak ezagutu gura dituzte. Talde dinamikan jarduten dugun arren, banakako tutoretzak ere egiten ditugu, eta batzar horietan bakoitzak bere galderei erantzutea nahi izaten dugu.

Zure ustez, zerk motibatzen ditu ikasleak?
Eskatzen diegun autoanalisiak. Ahulguneak aurkitu arren, bakoitzak duen balio erantsia bilatzeak motibatzen ditu. Horrek jabekuntzan laguntzen du. Badakitelako ikastarora etorri ez direnek baino gehiago dakitela. Elkarrizketa bat badute, bata edo bestea erantzun behar dutela jakitea da gakoa. Ezagutza teknikoek segurtasuna ematen diete. Hori guztia paktikan jartzeko gogoz irteten dira.

Autoestimuagaz zerikusi handia izango du.
Bai, eta langabezian geroago eta denbora gehiago egon, motibazioa galduta etortzen dira. Denbora galtzen dabiltzala sentitzen dute. Baztertuak sentitzen dira,  eskatu dituzten elkarrizketetatik ez dietelako deitzen. Saiatzen gara kanpotik ikuspegi objektibo bat ematen eta beste alternatiba batzuk bilatzen.

Ikasleek lan merkatua zelan ikusten dute?
Oso beltz ikusten dute. Badaude 53 urte ingurukoak, eta adinaren kontra borrokatzea zaila da. Nagusienek uste dute beraien adina oztopo bat dela lana aurkitzeko. Aldi berean, gazteenek ikusten dute gazteegiak eta esperientzia bakoak direla.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!