"Gure obsesioa da gazte hauei lana topatzea"

Anboto 2014ko abe. 12a, 09:41

IK4-Azterlanek duela urtebete martxan jarritako goi mailako estanpazio ikastaroko hamabi injineruk diploma jaso dute. Bostek lan kontratua daukate, beste bik horretarako konpromisoa lortu dute, eta beste bat praktiketan dago.

Julian Izaga IK4-Azterlan zentro teknologikoko ordezkariak urtebete iraun duen ikastaroaren balantzea egin du diplomak emateko ekitaldian. Ikasketa prozesuaren ostean, duela urtebete behar barik zeuden injineru gazteak lan mundura sartzea zen euren asmoa: "Gure obsesioa da gazte hauei lana topatzea". Momentuz partzialki lortu dute helburu hori.

Baina, ikastaroaren helburua hori baino sakonagoa izan da. Estanpazioak Durangaldean daukan eragina ikusirik, diagnostiko bat egin zuten Durangaldeko Lehiakortasun Polokoek (Behargintza, Durangaldeko Enpresen Elkartea eta IK4-Azterlan). "Zegoen prestakuntza faltak harritu gintuen", adierazi du Izagak. Egoera hori ikusita formazio plan bat egitea erabaki zuten. Hamabi enpresatan ideiaren kontrastea egin zuten, eta begi onez ikusi zuten. Beraz, hemengo enpresak indartzeko modu bat izan ahal da.

IK4-Azterlanez gainera, Amankomunazgoa, Durangaldeko Lehiakortasun Poloa, Durangaldeko Enpresen Elkartea, Maristak ikastetxea, Iurreta institutua eta zenbait udal inplikatu ziren egitasmoan. Gainera, Lanbidek diruz lagunduta garatu dute ikastaroa.

400 orduko teoria jaso dute urtebetean, eta saio praktikoak ere egin dituzte. Zentro teknologikoko ikerlariak eta estanpazio arloko adituak izan dira euren irakasle. Enpresetan proiektu zehatzak garatzeko ere aprobetxatu dutela azaldu du Izagak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!