Igor Azpiri Olazar txapelketako laugarren finalerdiaren bila, gaur

Anboto 2014ko aza. 28a, 09:20
Multzo burua izan denez, gaurkoa txapelketako lehenengo partidua izango du Igor Azpirik.

Igor Azpiri pilotari elorriarrak Zaldibarko Olazar Pilota Txapelketako final laurdenak jokatuko ditu gaur, 21:30ean hasiko den jaialdian; Ander Imaz eta biek, Aitzol Dorronsoro eta Migel Pérez Arabako bikotea izango dute parean. Aurretik, Bakaikoa eta Ugalde lau t’erdian neurtuko dira; horiek ere finalerdietara sailkatzeko lehia jokatuko dute.


Bere ibilbidean Azpiri hiru bider heldu da Olazarreko finalerdietara, iaz azkenengoz, baina beti finalaren atarian geratu da. Aurten finalerdietara laugarrenez sailkatu, mugarri hori apurtu, eta finalean txapelaren borrokan aritzea du helburu.

Erronka zaila izango da hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, lehenengoz osatuko du bikotea Ander Imazegaz. Aurretik sekula elkarrekin aritu gabeak dira. Beraz, ikusi egin beharko da elkar zelan ulertzen duten kantxan. Bestetik, gaurkoa txapelketako lehenengo partidua izango du elorriarrak, aurten multzo burua izan delako: “Multzo buru izateak final laurdenetara zuzenean sailkatzea dakar, baina txapelketari neurria hartzea gaitzagoa da, zelanbait esanda, hotzagoa da”, adierazi du Azpirik.

Aurrez aurre izango duten bikotea maila handikoa dela uste du: “Pérez gaur egun afizionatu mailako pilotari onenetakoa da, eta Dorronsoro abila da errematean”. Bata jotzailea da, eta bestea errematatzailea. Imazek ere eskuma polita du, baina, batez ere, ekinean eta sendotasunean oinarritzen da bere jokoa. Beraz, logikak dio Perezek agindu beharko lukeela atzelarien arteko lehian. Azpirik argi du bere lana: “Ahal dudan heinean, atzelariari laguntzen, sakea aprobetxatzen, eta aukera dudanetan tantoa amaitzen saiatuko naiz”. Irabazten duen bikoteak Santxoren eta Erasunen aurka jokatuko du finalerdietan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!