Bidea eta konpainia, gailurra baino garrantzitsuago direlako

Anboto 2014ko aza. 22a, 09:00

Bizidun nagusien elkarteko hainbat kidek GR-229 Mikeldi ibilbideko etapa guztiak egin dituzte, eta omenaldia jaso dute.

Durangaldeko Bizidun nagusien elkartekoek zahartzaro aktibo baten alde egiten dute. Izan ere, Durangaldeko Esperientzia Institutuan parte hartu ostean, ikasten jarraitzeko elkarte bat sortzea erabaki zuten. Ikasi bakarrik ez, kirola ere egiten dute. Aurten, GR-229 Mikeldi ibilbide osoa bete dute.

Atzo amaitu zuten ibilbidea, Bernagoiti ingurutik Durangora helduta. Mikeldiren eskulturaren alboan, ekitaldia egin zuten amaieran. Jabier Ugalde (73 urte), Carmen Kortazar (70 urte), Angel Elorriaga (75 urte) eta Joseba Gorostiza (74 urte) omendu zituzten, bakoitzari Mikeldi txerriaren oroigarri bat emanda. Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak, Mila Mondragon Mallabiko alkate eta Urkiola Landa Garapeneko presidenteak, eta Mari Jose Balier Durangoko alkateordeak parte hartu zuten. Alpinoko Jose Ramon Arrizabalagak ere oroigarri bat banatu zuen.

Bizidunekoek zenbait konpromiso hartu zituzten ekitaldian. Adibidez, urtero ibilbidea osatzea, Otxandiotik beste etapa berri bat gehituta. Norabidea aldatuko dute, baita hasierako eta amaierako lekuak ere. 2015ean, Elorrioko San Agustin auzoa izango da leku hori. Gainera, ibilbidearen egoeraz informatzera ere konprometitu dira.

Bizidunekoen ustez, GR-229 Mikeldi ibilbideak kultura eta kirola bateratzen ditu, eta esfortzu handirik barik egin ahal da. Durangaldea eta bere paisaiekin gozatzeko aukera ona dela uste dute gainera. Euren ustez, garrantzitsuagoa da bidea konpainia onean egitea, gailurrera ailegatzea baino.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!