Berrizko ziklo-kros proba belodromotik abiatuko dute domekan

Anboto 2014ko aza. 22a, 10:00
Iazko Berrizko probako une bat. Argazkia: Berriz Bizikletari Elkartea.

Euskaldun Torneorako puntuagarria den Berrizko Ziklo-kros Sari Nagusia lehiatuko dute domekan, Berrizburu inguruan atondutako zirkuituan. Zirkuitua iazko bera da, aldaketa txiki batzuekin, baina aurten lehenengoz belodromotik irtengo dira txirrindulariak. Oraintsu eraberritua izan den belodromoa erakusteko hartu dute erabaki hori probaren antolatzaile diren Berriz Bizikletari Elkarteak, Berrizko Udalak eta Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak.


Lasterketa maila guztietan lehiatuko dira, gizon zein emakumeetan. Aurreko aldietan legez, 200 parte-hartzailetik gora batzea espero dute. Kadete mailako neska-mutikoak izango dira irteten aurrenekoak, 10:00etan. Ondoren, 11:00etan, junior mailakoen txanda izango da, eta emakumeen elite eta 23 urtez azpikoena ere bai. 12:00etan Master 30, 40, 50 eta 60 mailakoak irtengo dira belodromotik; azkenik, 13:00etan, gizonen elite eta 23 urtez azpikoen txanda izango da.

Faboritoak bereiztea ez da batere erraza. Irteera puntuan nortzuk egongo diren jakitea ere gaitza da; batetik, izen-ematea egunean bertan egin daitekeelako –09:00etatik aurrera–, eta, bestetik, asteburuan, Nabian (Asturias) Espainiako Koparako puntuagarria den proba bat jokatuko delako, eta  baliteke faboritoak hara joatea.

Iaz euria egin zuen, eta lokatzak lasterketa gogortu zuen. Aurten, iragarpenek diotenez, ez du euririk egingo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!