EH Bilduren ustez, biolentzia matxista desagertzeko jendarte eraldaketa beharrezkoa da

Anboto 2014ko aza. 20a, 15:49

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna izango da azaroaren 25a, eta horren harira, irakurketa plazaratu du EH Bilduk prentsaren aurrean. Mugimendu feministaren ekimenetan parte hartzeko deia egin du.

EH Bilduk jendarte eredua ikusten du indarkeria sexistaren oinarrian. Horregatik, jendarte eraldaketa ezinbestekoa dela uste du. "Biolentzia ez litzateke gauzatu ahalko, baldin eta onartzen eta posible egiten duen jendarteratze mekanismoak egongo ez balira", diote koaliziokoek. Erlijioa, hezkuntza, komunikabideak eta familia ipini dituzte mekanismo horien adibide lez.

Argi utzi dute Durangaldea ere ez dela libratu "feminizidioa adierazle nagusi duen biolentzia matxistatik". Gainera, gogoratu dute biolentzia ez dela bakarrik fisikoa, eraso ekonomikoak eta diskurtsiboak ere badaudela: "Eraso ideologiko eta diskurtsibo ugari izan dugu, hainbat iritzi gune, epaile eta ordezkari politikoren aldetik".

Egoerari buelta emateko, beharrezko ikusten dute politika zehatzak garatzea, eta horretarako konpromisoa hartu dute EH Bilduko kargudunek. Ez hori bakarrik, ekintza eta jarrera matxisten aurrean salaketarako eragile aktibo izango direla diote, eta baita emakumeen partaidetza ekitatiboaren zein ahalduntzearen sustatzaile ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!