Durangaldeko ikasleak, ingurumenaren zaintzaile

Anboto 2014ko aza. 19a, 12:24
Bartzelonan, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako beste hainbat ikaslegaz ateratako argazkia.

Elorrioko Institutuko eta Iurretako Juan Orobiogoitiako ikasleak Confit konferentzian izan dira, Bartzelonan. Aitortza jaso dute ikastetxeetan ingurugiroagaz lotutako proiektuak aurrera ateratzeagatik, eta euren ekimenak aurkeztu dituzte konferentzian.

Ikastetxe ugari dira ikasleen heziketan ikuspegi ekologikoa barneratzen dutenak. Horietako batzuk IRAES 21 sarean antolatuta daude, eskola iraunkor gisa izendatuta daudelako, eta Confint konferentziara begira  ingurumenaren aldeko proiektuak garatzen dituzte. Joan zen asteburuan Espainia mailako konferentzia egin zen Bartzelonan (Katalunia), eta Elorrioko institutuko eta Iurretako Juan Orobiogoitia ikastetxeko ikasleak egon ziren bertan, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ordezkari legez. Beraz, euskal proiektu onenetakoak izan dira ikasle horiek landutakoak.

Ikasi eta lagunak egiten
Idoia Aiartzaguena, Maider Igartua eta Nahia Aranguren elorriarrak Miren Bego Arbulu irakasleagaz joan ziren Kataluniako hiriburura. Kontatu dute talde dinamika ugari egin zituztela, beti ere naturaren zaintzagaz lotuta. Adibidez, Bartzelonako kaleetan grafiti bat egin zuten, jendearen kontzientziazioa topatzeko asmoz.  Ondo pasatu dutela eta asko ikasi dutela esan dute, eta, gainera, lagunak ere egin dituzte.

Ortuaz berbetan
Orobiogoitiako Emma Villenak, Ane Unzaluk eta Iker Blancok Lourdes Totorikaguenak lagunduta egin zuten Bartzelonara bidaia. Euskal Herriko nekazaritzaz eta euren institutuko ortu ekologikoaz egin zuten berba, besteak beste. Gainera, tailerretan, landare inbaditzaileak kentzen eta mapa jasangarriak diseinatzen jardun zuten, esate baterako.

Ikasleez gainera, irakasleek ere ideiak trukatzeko aprobetxatu zuten, ikastetxeetan etorkizunean garatu ahal diren ekimenak aztertzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!