Durangaldeko Bizikleta Eskola abenduan hasiko da martxan

Anboto 2014ko aza. 18a, 12:03

Lau txirrindularitza taldek Durangaldeko txirrindularitza harrobia sustatzeko indarrak batzea erabaki dute. Durango, Elorrio (atxondarrak ere tartean), Iurreta eta Abadiñoko txirrindularitza taldeek, elkarlanean, Durangaldeko Bizikleta Eskola abiatuko dute abenduan zehar. Eskola berria zazpi eta hamalau urte arteko gaztetxoei bideratuta egongo da eta hainbat espezialitate landuko ditu.


“Indarrak batuta, elkarlanean, indar gehiago egin dezakegula uste dugu”, adierazi du Duranguesa txirrindulari elkarteko Ibon Atxotegik. Horrela, umetatik hasi eta nagusietara arteko maila denak bermatuta egongo dira Durangaldetik irten beharrik gabe. Gainera, batera arituta, errekurtsoei ahalik etekinik handiena ateratzea da asmoa. Gazteak txirrindularitzara zaletzea, ofizioan trebatzea eta adiskidetasuna baloreak txertatzea dute helburua.

Eskolak Berrizko belodromoan izango du egoitza eta Ibon Atxotegi, Joseba Gorostiza (Elorrio eta Muntsaraz Abadiñoko txirrindularitza elkartea) eta Patxi Torregrosaren (Iurretako Bira Emakumeen Ziklismo kirol Elkartea) artean zuzenduko dute. Abadiño, Durango, Elorrio, Iurreta eta Atxondoko udalen diru laguntza jaso dute; jantziekin Caja Ruralek lagunduko die eta Gandarias altzari dendaren laguntza ere badute.

Eskola zazpi eta hamalu urteko gazteei zuzenduta dago. Hiru mailatan banatuko dituzte; hasiberriak (10etik beherakoak), kimuak (11-12) eta haur-kategoriakoak (13-14). Abenduan  zehar 35 gaztetxogaz hasiko dira eta interesatuak  sortu berri duten webgunean eman dezake izena: www.durangaldekobizikletaeskola.com.

Denboraldia bi epealditan banatuko dute: Aste Santura arte eta Aste Santutik denboraldia amaitu arte. Martxo-apirilera bitartean astean behin batuko dira, asteburuan. Handik aurrera astean bi edo hiru egunetan batzea da asmoa.Hasiberriak eta kimu mailakoak BTTan hasiko dira bizikletan eta haur-kategoriako BTTan zein errepidean. Entrenamenduetarako bidegorriak eta belodromoa erabiliko dituzte, besteak beste, eta ginkana eta antzerako jokoak ere egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!