Pobrezia energetikoa sufritzen dutenei lagunduko die JAEDek

Anboto 2014ko aza. 14a, 09:25
Argazkia: Lehior Elorriaga.

Pobreziaren beste aurpegi bat dabil azaleratzen azken urteotan: pobrezia energetikoa. Gasa, argia edo bero sistema ezin ordainduta bizi dira hainbat familia, eta, beraz, ez dituzte jasotzen bizimodua aurrera ateratzeko oinarrizko zerbitzu ugari. Eustaten 2012ko datuen arabera, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan biztanleen %4k sufritzen du arazo hau: 90.000 herritarrek hain zuzen. Eta krisiaren garapena ikusita, kopuru horrek goraka egin duela uste dute pobreziaren aurka lan egiten duten elkarteek. Durangaldeari lotutako daturik ez dago momentuz, baina badago laguntza behar duenik.


Izan ere, JAED elkarteak laguntza proiektu bat abiatu du energia jasotzeko arazoekin dabiltzanei begira. 6.000 euroko diru poltsa bat prestatu du, eta bonu formatuan emango ditu. Egitasmoari hasiera emateko partida bat da, baina diru hori epe laburrean amaituko dela aurreikusi dute ongintza elkartekoek. Proiektua prentsan iragarri aurretik, dagoeneko dozena bat familiari eman dizkiete bonuak elkarteko kideek.

Sustatzaileek azaldu dutenez, arazoaren jatorria aztertzeko landu izan diren txostenek hiru arrazoi eman dituzte: biztanleen diru-sarrera txikiak, energiaren prezio gero eta altuagoak eta etxebizitzen eraikuntza txarrak. Diotenez, Espainiako estatuan etxe ugari hotzari aurre egiteko babes nahikorik barik eraiki izan dira, eta horrek energiaren kontsumo handiagoa ekarri du. Munduko Osasun Erakundearen arabera, pobrezia mota horrek neguko heriotzen kopurua %30 handitzea ekarri dezake.

619
familiari lagundu zieten 2013an
JAEDek eta Caritasek

Eguneroko pobrezia

Pobrezia energetikoaren arazoa sufritzen dutenez aparte, diru eskasiagatik txarto pasatzen dabiltzanei egunero laguntzen diete JAED eta Caritas elkarteek. 2013ko datuak dira horren erakusle: JAEDek 510 familiari lagundu zien, eta Caritasek 109ri. Beraz, bien artean Durangaldeko 619 familia babestu zituzten, elikagaiak eta arropak emanda.

Bestalde, pobreziak bizitza sozialean ere eragiten du: eguneroko ohitura eta jardueretan parte hartzea ekiditen du, adibidez. Egoera hori ongizate faltatzat identifikatzen da. Eustateko datuek islatzen dute 2008an Durangaldeko biztanleen %3,5 zegoela ongizate faltaren menpe, eta 2010ean %10,3.
‘Pobrezia zero’ kanpaina

JAEDek pobrezia energetikoari aurre egiteko martxan ipini duen egitasmoa Pobrezia zero kanpainaren barruan iragarri dute. Aurten, Bateginez elkartearen ekimenez, kanpaina hori Zubiguneak tailerretik bultzatu dute. Zabaltzen-Sartu gizarteratze elkartearen eskutik jaio zen 2006an Zubiguneak, eta batez ere etorkinei gizarteratzen laguntzeko asmoz hasi zuen bidea. Adibidez, tailer horretatik antolatzen dute Munduko Arrozak jaialdi gastronomikoa. Tailerrean hainbat elkartetako kideak batzen dira, eta aurten pobreziaren aurkako kanpainagaz bat egin dute. Joan zen domekan Pez Limbo antzerki taldearen Corrientes lana eskaini zuten, energia arazoaren gaia oinarritzat duena. Gainera, Bateginez elkarteko Raquel Calvoren esanetan, Durangaldeko egoeraren berri izateko harremanak landu dituzte, eta egoera hori prentsaren bidez azaleratu gura izan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!