Sare mugimenduak hainbat ekimen asteburu honetan, herririk herri

Anboto 2014ko aza. 13a, 11:19
Sare mugimenduaren aurkezpenean, Elorrion mosaikoa egin zuten irailean.

Euskal presoek sufritzen duten sakabanaketa politikagaz amaitzea da Sare mugimenduaren erronka, eta hainbat ekimen iragarri ditu asteburu honetarako. Barikuan Atxondon aurkeztuko dute mugimendu herritar hori, eta zapatuan eztabaidak egingo dituzte Durangon eta Elorrion.

Atxondon afarian elkartzeko gonbita egin dute barikuan; Sare zer den eta bertako partaide izateko zer egin behar den azaltzeko aprobetxatuko dute. Durangon eta Elorrion, ostera, eztabaida sortzea erabaki dute. Durangoko hitzordua Plateruenean da, 10:30ean, eta Elorriokoa Arriolan, 16:30ean. Eguazten honetan Zornotzan egin berri dute aurkezpena, eta Iurretan ere bai duela aste bi.

Sarek euskal preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetu nahi du, eta, bide horretan, giza eskubideen errespetua hartu du eskaerak egiteko oinarritzat.  Sarekide izateko deia egin die herritarrei, eta sakabanaketari buruzko liburuxka bat banatzeko deialdia egin du ekimenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!