Igoera fasera sailkatzea helburu dutela, derbia jokatuko dute zapatuan Elorriok eta Iurretakok

Anboto 2014ko urr. 30a, 11:10

Durangaldean emakumeen futboleko ordezkaritza osatzen duten Elorrio eta Iurreta derbian neurtuko dira zapatuan, 16:00etan, Elorrioko Eleizalde futbol zelaian. Ligako hiru jardunaldi bakarrik joan dira orain arte, baina talde biek iazko denboraldi onak errepikatzea dute helburu: lehen faseko bost onenen artean sailkatzea, igoera fasea jokatzea eta mailako talderik onenen aurka lehiatzea.


Elorrioko entrenatzaile Gontzal Aranak derbi “parekatua” aurreikusi du zapaturako: “Derbiak partidu biziak eta itxiak izaten dira normalean”.

Elorriok, oro har, iazko blokeari eusten dio. Hiru jokalari joan eta bost berri heldu dira; guztira, 21 jokalarik osatzen dute taldea. Orain arte partidu bi jokatu dituzte –lehen jardunaldian atseden hartzea egokitu zitzaien– eta bietan berdindu egin dute. Hasiera ona da, aurkariak mailako talderik indartsuenetakoak izan direla kontuan hartuz gero. Esaterako, joan zen asteburuan, lider zegoen Mungiaren zelaia bisitatu, eta bana berdindu zuten, Itsasne Larruskain zelai erdiko jokalariaren golari esker.

Bestalde, emakumeen futbolak aurrerapauso garrantzitsu bat eman du aurten, Elorrion. Elorrio Kirol Taldeak gazte mailako taldea sortu du hamalau jokalarigaz, eta Jabi Díez da entrenatzailea. Etorkizunean maila gehiagotan taldeak ateratzea da asmoa: “Oso albiste ona da. Orain arte kanpoko taldeetako jokalariak ekarri behar izan ditugu. Etorkizunari begira, etxean gazteen talde bat izatea oso garrantzitsua da guretzat”.

Min hartutako asko Iurretan
Iurretakok hemeretzi jokalari ditu aurten, eta horietako bost berriak dira. Taldea utzi duten sei jokalariek futbola utzi dute, eta taldera heldu direnek, aurretik futbolean aritu arren, denbora batean utzita izan dute futbola. Jokalari horiek esperientzia emango diote taldeari, baina taldearen dinamikan sartzen ari dira oraindino. Gauzak horrela, “berriro hasieratik hastearen parekoa da”, Jon Gallego entrenatzailearen esanetan.

Gainera, min hartuta daude hainbat jokalari biharko derbiari begira: “Hiru-lau min hartuta ditugu, eta hiru jokalari oraindik fitxa barik daude”. Hori gutxi balitz, joan zen asteburuan, Derioren kontra etxean jokatutako partiduan epaileak jokalari bi egotzi zituen, eta ezin izango dute bihar jokatu.  

Beraz, zapatukoa “partidu gaitza” izango dela uste du Gallegok: “Baina borrokatzeko prest gaude”. Orain arte, hiru partidu jokatu, eta bat irabazi dute: Larrakozelaian 6-0 jipoitu zuten Bermeo, ligako bigarren jardunaldian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!