Kirol probetan mendia zaintzeko deialdia egin dute mendizaleek

Anboto 2014ko urr. 22a, 13:00
Neberondon, plastiko ugari lurrean botata, batu barik.

Azken urteetan modan ipini dira mendian garatzen diren kirol probak: mendi martxak, lasterketak, bizikleta ibilbideak... Mendiaz gozatu, eta kirola egiteko aukera eskaintzen dute. Baina, kontraesana dirudien arren, zenbaitzuek ez dute mendia zaintzen. Adibidez, probetan ibilbideak markatzeko erabiltzen diren plastikoak ugaritu egin dira, amaitzean ez direlako batzen. Zenbait mendizalek egoeraz ohartarazi, eta mendia zaintzeko deia egin dute.


“Kontu apur bat eduki, eta gure esku dagoena egin dezagun”. Zigor Iturrieta mendi korrikalari ezagunaren berbak dira. Lagun batzuekin Mugarra ingurutik entrenatzen zebilela, hainbat plastiko ikusi zituen, eta bere kritika plazaratu gura izan du: “Mugarra plastikoz josita egon da; pilo bat batu ditugu”. Oiz inguruan ere plastiko batzuk urtebetez egon zirela gogoratu du. Duela urte bitik hona igarri du handitu dela zikinkeria kopurua, ez azken hileetan bakarrik. Horrela jarraituz gero, mendizaleren batek salaketa ipintzeko arriskua ikusten du Iturrietak: “Aldundikoak haserretuko dira, eta ez dute utziko martxak egiten. Batzuen utzikeriagatik denok ordaindu beharko dugu”. Eta, hain zuzen, ia egunero mendi bueltak egiten dituen irakurle batek kritika bidali du ANBOTOra, Neberondo inguruko argazkiekin. “Norbait mendia apaintzen ote dabil? Gutxienez, jarri dituenak kendu ditzala”, dio irakurleak.


Berrerabiltzen saiatu
Mendiko probak antolatzen ibiltzen da Erlantz Zaldunbide, Zaldai taldeko kidea. Martxetan, azkeneko partaideekin antolatzaileak joaten direla adierazi du, aurreko egunean ipinitako markak kentzeko. Plastikoak ganaduarentzat kaltegarri direla uste du, esaterako. “Lotsagarria” iruditzen zaio mendian dagoen plastiko kopurua: “Ez dakit zer zentzugaz utzi dituzten. Ez badugu denon artean zaintzen, gure kaltera ere etorri ahal da”. Iurretako jaietako martxan beste probaren batekoak ziren zakukada bat plastiko ere batu zuten. “Asko daude, eta bisualki orientazioa kaltetzen dute”. Plastikoak, hurrengo martxetan berrerabiltzen saiatzen dira Zaldaikoak. Plastikoez aparte, espraien erabilera ere salatu dute Iturrietak eta Zaldunbidek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!