"Metaleko hitzarmen duin" bat eskatu du LABek

Anboto 2014ko urr. 17a, 13:14

LABeko kideek manifestazioa egin dute Durangoko kaleetan. Bizkaiko patronalak herrialdeko lan hitzarmena sinatzeko borondaterik ez duela ohartarazi dute.

LABek esan duenez, patronalak "txantaia" egin die. Hitzarmena sinatzearen truke, lan erreforma onartzea exijitu ei die langileei. Gainera, enpresei erreforma hori aplikatzea erraztu gura diela kritikatu dute LABekoek, eta metaleko sektorea desarautu gura duela. Sindikatuak ez du "txantaia" hori onartuko. Hiletan zehar egon dira batzartzen, eta orain metaleko mahaian ez dagoela negoziaketarik diote.

LABen ustez, Durangaldean beharrezkoa da metaleko sektorea arautzea, besteak beste, "sektorea ekonomiaren eta enpleguaren motorra" delako. Enpresa gehienak txikiak eta ertainak direla azaldu du, eta horregatik, negoziazioa enpresa mailara eroan gura duela patronalak.

Bestalde, ELA, CCOO eta UGT kritikatu ditu LABek, bere iritziz "beste aldera begiratzen" dutelako. "Beste sektore batzuetan sindikatuen arteko mobilizazioen bitartez posible denean herrialdeko hitzarmenak sinatzea, zergatik ez da metalean posible?", galdetu du LABek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!