Bizkaian konpostajea bultzatzeko proposamena aurkeztuko du EHBilduk Batzar Nagusietan

Anboto 2014ko urr. 16a, 12:34
Ezkerretik eskumara, Xabi Zaldua (Berrizko zinegotzia), Mila Mondragon (Mallabiko alkatea), Asier Vega (batzarkidea) eta Maria Asun Gaztelu (Larrabetzuko alkatea).

Organikoaren bilketa Bizkaian zabaltzeko beharra azalduz, prentsaurrekoa egin du Bizkaiko EH Bilduk. Foru Aldundiaren iturrien arabera "hondakin organikoen %99 baino gehiago errefusarekin bater nahastuta, Zabalgarbin erre da edo zabortegietara bideratu da". Batzar Nagusietan lantzeko proposamen baten berri eman du EH Bilduk. Bide batez, Mallabiko, Berrizko eta Larrabetzuko esperientziak nabarmendu dituzte hiru udaletako Bilduko zinegotziek.

Batzar Nagusietan eztabaidatuko duten proposaemenak lau puntu dauzka.

Lehenik, sukaldatutako organikoa konpostatze katera gehitzea eskatzen dute. Orain arte baztertu egin da, "kalitatezko konposta eragozten duela argudiatuta". EHBilduko ordezkariek ezeztatu egin dute hori, eta Berrizko adibidea aipatu dute. Bertan, Berriziklatu egitasmoan sukaldatutako organikoa ere batzen dute eta "Azterlan talde teknikoan egindako ikerketen arabera, kalitate oneko konposta da lortzen dena".

Konpostajea Bizkaian zabaltzeko, esperientzia pilotu berriak laguntzeko eta bultzatzeko ere eskatuko du EHBilduk. Horrez gainera, bosgarren edukiontzia herri handietara gehiago zabaltzeko proposamena egingo du, eta landa inguruetan autokonpostatzea sustatzeko baliabide gehiago eskaintzea ere eskatuko du.

EHBilduko kideek gogoratu dutenez, "etxeko hondakinen %40 inguru da hondakin organikoa, baita sailkatu gabe jasotzen den hondakinen  zatirik handiena ere".

Mallabia eta Berrizko esperientziak

Mila Mondragon Mallabiko alkateak eta Xabi Zaldua Berrizko zinegotziak prentsaurrekoan parte hartu dute, euren herrietako esperientziak kontatuz.

Mallabian autokonposta egiteko aukera ipini zutenetik, auzuneetako 104 etxebizitzek eta herriguneko 101 etxebizitzek parte hartzen dute: "Ososotara %48a da batean eta bestean parte hartzen dutenak eta konpostatzen den guztia herrian berrerabiltzen da". Arrakasta ikusita, konpost guneak handitzeko eta berriak egiteko asmoa dutela azaldu du Mondragon alkateak.

Berrizen, aurreko legegintzaldian hasi ziren Berriziklatu egitasmoagaz. Atez ateko sistema pilotuagaz hasi eta bosgarren edukiontziaren aukera ipini zuten gero. Xabi Zaldua zinegotziak azaldu duenez, gaur egun 122 familiak eta sei merkatarik parte hartzen dute Berriziklatun, herritarren %10. "Hilero 4.500 kilo organiko jasotzen dira herriko konpostaje plantan eta herrian bertan kudeatzen da kopuru osoa".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!